Baztango udaleko plenoak ‘eskratxeak’ gaitzetsi ditu

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 23a, 11:50

Aroztegiaren aurkako herritarrak ere izan ziren plenoan. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Aldeko 8 boz eta 4 abstentziorekin, edonoren aurkako ‘eskratxeak’ gaitzetsi dituzte.

Baztango udaleko plenoak atzo eztabaida izan zuen, pasa den asteburuan Aroztegiko proiektuaren aurkako akanpalekuko gertakarien harira. Bertan, Geroa Baiko Viginia Alemán parlamentu-kideari eta Rubén Ziganda Baztango udal zinegotziari zuzendutako ‘eskratxea’ egin zuten herritar batzuek. Bi hauen udal taldeak, Geroa Baik, larrialdi mozio bat aurkeztu zuen udalean, eta atzoko plenoan ontzat eman zen, aldeko Geroa Bairen bi boz, UPNren hiru, Baztango Ezkerraren bi eta Baztango Auzolaneanen batekin, eta EH Bilduren lau abstentziorekin.

 

EH Bilduk dioenez, eginiko ‘eskratxea’ «baketsua» izan zen, eta «adierazpen askatasunaren barnean dago». Gainera, Aroztegiaren proiektuak dakarren «gatazka soziala demokratikoki konpontzeko aukera ezaren aitzinean», ‘eskratxeak’ iritzia adierazteko ontzat ematen ditu EH Bilduk.

Plenoaren barruan, hautetsiez gain, ‘eskratxea’ jasan zuten bi lagunak zeuden, Geroa Baiko beste kide batzuekin, eta “Aroztegia Pelotazo Urbanistikoa” lemadun afitxak zituen herritar talde bat zegoen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun