Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko egitasmoa UGEP gisa tramitatzearen aurka Sustraik jarritako helegitea gibelera bota du Auzitegiak

Ttipi-Ttapa 2017ko eka. 20a, 08:55

Proiektua gelditzeko lanean segituko duela adierazi du Aroztegia eta gero zer? Plataformak.

Aroztegia eta Gero Zer? Plataformak hasiera batetik inposatua izan den proiektua dela salatu du eta gelditzeko lanean segituko duela iragarri du 

Lekarozko Aroztegiko egitasmoaren sustatzaileen alde azaldu da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Aretoa, ekainaren 19an jakinarazitako epaian Sustrai Erakuntza fundazioak aurkeztutako helegitea gibelera bota baitu.

 

Lekarozen 228 etxebizitza, 135 logelako lau izarreko hotel bat eta golf zelai bat eraikitzeko hirigintza proiektua UGEP Udalerriz Gaindiko Eragina duen Plan gisa tramitatu izana auzitan jarri zuen Sustrai Erakuntzak. Epailearen ustez, ordea, «planaren edukia irakurri besterik ez dago egitasmoa behar bezala justifikatua» dagoela ondorioztatzeko. Hala, enpresa eraikitzailearen ikuspuntua bere eginez, Aroztegia proiektuak Nafarroa osoan «turismoaren sustapen politikak garatzeko» balioko duela azaldu du epaileak.

Horrez gainera, 300 biztanleko herri ttiki batean 228 etxebizitza berri eta luxuzko oporleku bat eraikitzeak izan dezakeen eraginaz, honako hau dio epaiak: «Lurraldean izanen duen intzidentzia estrategikoa eta sozioekonomikoa izanen da inbertsioan, enpleguan, Nafarroako erakargarritasuna indartzean eta tokian tokiko beste azpiegituren erabileran izanen duen eraginarengatik».

Orain gibelera botatako helegitean, Nafarroako Gobernuak 2008an eta 2014an argitaratutako bi txostenen artean kontraesanak daudela argudiatu zuen Sustrai Erakuntzak. 2008koan, proiektua UGEP gisa tramitatzeko motiborik ez zuen ikusi gobernuak; handik sei urtera, berriz, aurkeztutako proiektua berdintsua izan arren, tramitazio mota hori baimendu zuen. Epailearen ustez, ordea, 2008an Nafarroako Gobernua planaren aurka azaldu izanak «ez du esan nahi, gerora, UGEPa justifikatuko luketen baldintzak egon ez zirenik».

Gisa horretako egitasmo batek izan beharko lukeen parte-hartze prozesua da, azkenik, aldeen arteko eztabaida iturri nagusietako bat. Sustrai Erakuntzaren esanetan, «egiazko eta alderdikeriarik gabeko informazioa jasotzeko eskubidea» urratu zuen enpresak, proiektuaren aldeko erakundeak lehenetsita: «Publizitate izaera duen proposamena da, datu erreal eta kontrastatuetan oinarritu gabe». Horretan ere, kontra egin die Nafarroako Auzitegiko epaileak. Haren irudiko, «legeak UGEP kasuentzat exijitutako parte-hartze prozesua» egin zuten proiektuaren sustatzaileek, «hainbat eragile sozialen parte hartzearekin, baita egitasmoaren aurka zeudenekin ere».

UPNren aitzineko gobernuak onartu zuen Aroztegiko hirigintza proiektua UGEP gisa tramitatzea, baina egungo gobernuak ebatzi zuen egitasmoarekin segitzea. 2015eko abenduaren 30eko bileran hartu zuten erabakia, Eguberrietako oporren erdian. Iazko urrian, bertze urrats bat egin zuen Uxue Barkosen gobernuak, UGEP horretan aurreikusten diren «urbanizazio, azpiegitura eta zerbitzu komunen obrak» zehazten dituen txostena baimenduta.

 

Aroztegia eta gero zer? Plataformak lanean segituko du

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitegi Aretoak emandako epai honen aitzinean, «argi eta garbi erran nahi dugu Aroztegiko proiektu urbanistikoa hasiera batetik inposatua izanen dela» adierazi du Aroztegia eta gero zer? Plataformak: «UGPSa onartu zenean ez zen inolako prozesu parte-hartzailerik izan. Gai honen inguruan egin diren prozesu parte-hartzaile bakarrak 2009. urtean Lekarozen egin zen herri galdeketa eta 2016. urtean Baztan osoan egindako herri galdeketa dira. Lehenbizikoan %67a lurren birkalifikazioaren kontra agertu zen eta bigarrenean berriz %80a baino gehiago agertu zen proiektuaren kontra. Horrengatik, ez gaude inposaketa hau onartzeko prest».

Bertzalde, bi urte pasatu dira Nafarroako Gobernuean UGEP hau onatu zuenetik eta oraindik obrak hasi ez direnez, «Nafarroako Gobernuari lehenbailehen geldiarazteko» eskatu nahi dio Plataformak. «Bere esku dago –dio idatzian– herritarrek nahi ez duten proiektu hau geldiaraztea, afera Baztanen erabakitzeko bideratzea, eta oraindik errazagoa da orain epe hau pasatuta inolako arrisku juridikorik gabe egin bait daiteke». Akitzeko, Aroztegia eta gero zer Plataformak garbi erran nahi du proiektu hau gelditzeko lanean segituko duela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun