Aroztegiko Udalez gaindiko eragina duen plana gelditu eta erabakia Baztanerat ekartzea eskatu du Batzar Nagusiko presidenteak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko eka. 9a, 11:24

Joseba Otondo Batzar Nagusiko presidentea, Mattari Plaza Lekarozko alkatea eta kuarteletako batzarkideekin, ortzirale goizeko agerraldian. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Joseba Otondok idatzi bana igorri zien ekainaren 6an Nafarroako Gobernuko presidenteari eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariari

Nafarroako Gobernuak Lekarozko Aroztegiko udalerriz gaindiko eragina duen plana (UGEP edo PSIS) onartu zuenetik bi urte pasatu dira eta lanak ez dira hasi. Horregatik, legeak ematen duen aukera baliatuz ekainaren 6an Nafarroako Gobernuko presidenteari eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilariari Joseba Otondo Baztango Batzar Nagusiko lehendakariak eskari bana igorri zien, Aroztegiko PSIS gelditzeko eta honen inguruko erabakia Baztanerat ekartzeko eskatuz. Uztailaren 3a artio Batzar Nagusia ez da bilduko eta bilera horretan eskari hau berrestea eskatuko da.

 

Eskari honen berri eman dute ekainaren 9an Balleko Etxean egindako agerraldian Joseba Otondo Baztango Batzar Nagusiko lehendakariak, Mattari Plaza Lekarozko alkateak eta kuarteletako batzarkideek. 

Batzar Nagusiko lehendakariak aipatu duenez, «Aroztegiko UGEPa baztandarren gainetik egin nahi den proiektua da eta bailaran alimaleko eztabaida piztu du. Haatik, Nafarroako Gobernuak bailarako eztabaidari aterabide demokratikoa eman beharrean berean tematu eta baztandarren gainetik pasatu nahi izan du. Eta, argi eta garbi erran behar da, proiektu partikular bat egiteko, pelotazo bat bururatzeko, inongo interes orokorrik ez duena».

 

«Baztango erakundeei buruzko eraso handia»

PSIS hau Baztango erakundeei buruzko eraso handia izan dela uste dute, Hirigintzako eskumenak Baztango Udalarenak direlako eta herrilurrenak Batzar Nagusiarenak. Batzar Nagusiko kideen erranetan, «PSIS honek funtsean tokiko erakundeen autonomiaren eta izateko arrazoiaren kontra jotzea erran nahi du eta, hori, ustez aldaketa defendatzen duen Gobernuak egitea eskandalagarria da. Horregatik, gauza guztien gainetik eskari honekin Baztango erakundeen autonomiaren eta eskumenen defentsa egin nahi dugu. Gehiago, herritarren geroan eragin handia izanen duten proiektuei buruz herritarrek zuzenean erabakitzeko eskubidea ere aldarrikatu nahi dugu».

Kontuan hartu behar da, gainera, 2009an Nafarroako Gobernuak Aroztegiko proiektua PSIS bezala tramitatzeko enpresaren eskariari ezetz erran ziola eta udaletxearen aitzinean udal planaren aldaketaren bidez tramitatu behar zela jakinarazi ziola. Alta 2015ean, 2009ko erabakiari kontra eginez, UPNk PSIS bezala tramitatzea onartu zuen eta urte bereko abenduan Geroa Bairen gobernuak berretsi. «2009koari buruz zer aldatu da? Tartean zer egon da?», galdegin dute. 

Aroztegiako proiektu honek bailaran alimaleko kezka eta gatazka piztu duela ere gogoratu dute. 2009an Lekarozen herri galdeketa egin zen eta gehiengoak proiektuaren aurkako iritzia eman zuen. Geroztik, 2016an Elizondoko karriketan 1500 lagunek baztandarrei hitza emateko eskatuz manifestaldia egin zuten eta urte bereko ekainean Batzar Nagusiak deiturik bailara mailako herri-galdeketa egin zen, zeinean parte hartu zutenen%80ak baino gehiagok kontrako iritzia eman baitzuen. «Denbora honetan Lekarozko herria proiektuaren aurka behin eta berriz agertu da eta Batzar Nagusia ere bai. Lekarozko herriko alkatea hautatzeko azkeneko aukeraketan ere, proiektuaren kontrakoa aise nagusitu da». 

 

«Herritarren kontrako iritzia saihesteko jokaldia»

Proiektu hau PSIS bezala tramitatzea ez duela deusek justifikatzen uste dute, «herritarren kontrako iritzia saihesteko jokaldia bertzerik ez da». 

Gobernu desberdinek Aroztegiko proiektuaren alde agertzeko proiektuaren garrantzi estrategikoa aipatu izan dute, «baina gaurgero hamar urte pasatu dira eta ez dutela fitsik aitzinatu» gogoratu dute. «PSIS onartu zenetik bi urte joan dira eta lanak ez dira hasi. Proiektuak izaera estrategikoa omen du baina inork ez ditu Lekarozen egin nahi dituzten 228 etxebitzitzak faltan botatzen. Baina, hori bai, inorat ez doan proiektu hau egiteko Baztango erakundeei ostiko eman diete eta herritarrei erabakitzeko eskubidea kendu».

Baztango Batzar Nagusiko presidentearen erranetan, «Geroa Bairen gobernuak urrezko aukera du Aroztegiko gatazkari aterabide demokratikoa emateko, tokiko erakundeen autonomia aitortzeko eta gobernatzeko bertze modua erakusteko. Aukera paregabea du berrazterketa honetan kalteordainik jokoan ez dagoelako eta aukera paregabea du gobernuak erran duelako orain artio PSISekin eman den aldrebeskeria zuzentzeko lege berria egin nahi duela iragarri eta Aroztegikoa hor sartzen ahal duelako».

Horregatik, Nafarroako Gobernuari burutsu eta adimentsu jokatzeko eskatu diote eta «ekainaren 6an erregistratu genuen eskariari arrazoimenez eta zentzuz erantzutea: Aroztegiako PSIS gelditu. Baztango aferak baztandarrek erabaki ditzatela».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun