Oharrean aipatzen dutenez, «gazteek Baztanen etxebizitza duina eskuratzeko dugun arazoek eragin dute eremu honi gure izaera propioz arnasa emateko nahia eta konbentzimendua. Horrela, bizitza emanen diogu sos nahikeriak sekula sortzen utzi ez dion leku honi».
«Gure soldata prekarioek –diote gazteek– eta diru ahalmenak alde batetik eta etxebizitzen errenta tasek bertze aldetik ez dute Baztango gazteriaren zati handi baten errealitatearekin bat egiten».
Orain Nafarroako Gobernuko egoitza den hau aukeratu dute urteak daramazkielako hutsik: «Guk arnas emate honen bitartez, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeaz gain, nafarrek pairatzen duten prekarietatearen aitzinean horrelako azpiegitura duen eraikin bat hutsik egotea lotsagarria dela salatu nahi dugu. 3.000 metro koadroko egoitza, bulego eta ikasgelekin eta 46 logela baino gehiago ... egunkari batzuk argitaratu izan dutenez, orain guti arte bederen 5,4 milioi euroren truke egon da salmentan!».
Honez gain, espazio honen ateak «lotsarik gabe edekiko ditugula”» adierazi nahi dute, herritar guztiendako, hortaz ondoko hilabeteetan eskaintza sozial eta kultural zabala prestatzen ahaleginduko dira. Jende guztiari gonbita luzatzen diote antolatuko dituzten ekimen, ikastaro eta afera guztietara.
«Nafarroako Gobernuak bere garaian nafarren sosarekin egindako inbertsio astoarekin gelditu den etxe huts honi bizitza ematera» etorri direla jakinarazi dute. «Bertzela ere egun hauetan hurbildu lasai lekua eta gu ezagutzerat, nahi izanez gero proposamenak egiterat. Lekarozko Abeltegiko ateak edekiak baitira denek ordaindu dugun heinean».