Uztailaren 17tik 28ra Erratzun izanen da jostaldia eta uztailaren 31tik abuztuaren 11ra Elizondon. Aste bakarra ere egin daiteke, baina lehentasuna bi aste egiten dutenek eta Baztanen erroldatutakoek izanen dute.
Jokoak, eskulanak, parekidetasunean hazteko jolasak, tailerrak (birziklatzea, buztina, antzerkia…), ateraldiak, kirola.. Tarte horietan denetarik egiteko aukera izanen dute neska-mutikoek, eta hori guztia euskaraz. Bide horretatik baitoaz ekimen honen helburuak: udako aisialdiaz gozatzea, euskaraz jolastea, Baztango haurren arteko harremanak euskaraz bultzatzea, Baztango kultura eta natura ezagutzea, haurren garapen pertsonala lantzea eta ingurumenarekiko jarrera positiboak sustatzea.
Izen-ematea
Maiatzaren 31tik ekainaren 7ra irekiko da izena emateko epea. Baztanen erroldatutakoek txandako 70 euro ordaindu beharko dute, 55 euro familia ugaria bada edo txandan anaia-arreba bat baino gehiago badira. Aste bakarra aukeratzekotan, 35 euro ordaindu beharko dira. Baztanen ez erroldatutakoek 110 euro ordaindu beharko dute txandako eta 55 euro aste bakarra aukeratzekotan.