Baztango XXIV. Mendi Itzulia Berroetan eginen dute maiatzaren 28an

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mai. 26a, 06:51

Baztango 24. Mendi Itzuliaren bi ibilbideen perfilak.

Bi ibilbide izanen dira aukeran, 33 kilometrokoa eta 24 kilometrokoa

Berroetan hasi eta akituko da Baztango Mendigoizaleak elkarteak antolatu duen Baztango XXIV. Mendi Itzulia. Heldu den maiatzaren 28an izanen da eta mendizaleek bi ibilbide izanen dituzte aukeran: 33 kilometro eta 1.900 metroko malda duen ibilaldia eta 24 kilometro eta 1.300 metroko malda duena.­

 

Mendizaleek 07:00etatik 07:30era bitartean abiatu beharko dute Berroeta herritik eta Indako Bordara igo beharko dute. Handik Gartzipotera jaitsiko dira. Ibilbide motza aukeratzen dutenek Zirola izanen dute hurrengo tontorra eta luzea nahiago dutenek, berriz, Zirola baino lehen Pitzamarretik, Arango sorotik, Urzabaletik eta Soraluxko sorotik pasa beharko dute. Behin Zirolara igotakoan Olari izanen dute denek hurrengo gaina. Handik herrira jaitsita akituko da ibilbidea.

 

Izen-ematea

Mendi itzuliaren eguna baino lehen, maiatzaren 26ra arte ematen ahal izanen da Internetez izena, www.baztangomendigoizaleak.org atarian sartuta. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun