Baztanekin zerikusia duten ikasketa akaberako lanendako laguntza berria eman du Balleko Etxeak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mai. 23a, 11:48

Nahikari Vesga Maisterrena amaiurtarrak eta Ainhoa Astiz Goñi lekaroztarrak 500na euro jasoko dituzte

Ikasketa akaberako lanak edo proiektuak diruz laguntzeko bigarren deialdiko laguntzak ebatzi berri ditu Baztango Udalak. Aurtengo onuradunak Nahikari Vesga Maisterrena amaiurtarra eta Ainhoa Astiz Goñi lekaroztarra dira.

 

Nahikari Vesga Euskal Ikasketetako graduko ikaslea da EHUren Gasteizko fakultatean eta bere lana Baztango galdegai egitura baten azterketa izanen da; horrek hizkuntzaren teoriarako dituen ondorioak esploratuz. 

Ainhoa Astiz Goñi, bertzalde, Haur Hezkuntza graduko ikaslea da NUPen, Iruñean eta ikasketa akaberarako 'Adimen anitzak haur eskola baten antolaketan' izenburuko lana eginen du. Lan honek Baztango Haur Eskolaren hezkuntza aztergai izanen du eta Baztan Haur Eskolaren eta Adimen Anitzen Teoria nola bateratzen diren ikertuko du. Ikasle bakoitzak lana egiteagatik 500 euroko laguntza jasoko du.

Maiatzaren 19an epaimahaia bildu zen eta aipatu proiektuek deialdiko baldintzak betetzen zituztela ikusirik laguntza ematea erabaki zuen. Epaimahia Baztango alkateak, udal idazkariak, Garalurreko teknikariak eta Lanbide eskola eta Lekarozko ikastetxeetako zuzendariek osatzen dute. Deialdiak udal aurrekontuetan 2.000 euroko kontusaila zuen, lau laguntza eman ahal izateko, nahiz bi bakarrik aurkeztu diren.

Deialdiaren onuradunek dirulaguntza jasotzeko lanak egin eta tutorearen ongi ikusia beharko dute. Behin lana eginda, bakoitzak bere herrian lanaren aurkezpen publikoa egin beharko du. 

Aurtengo deialdia iazkoaren segidan heldu da eta deialdiaren hasierako helburuei jarraiki, poliki-poliki Baztani buruzko ezagutza corpusa eraikitzen ari da. Iaz, Alaitz Arretxea, Josune Berho eta Oihana Otxandorenak turismoaz, XVII-XVIII. mendeetako goi-mailako etxe tipologiaz eta mutil-dantza eta nesken parte hartzeaz lanak egin zituzten. Ikusten ahal den bezala izaera eta jakintza arlo desberdineko lanak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun