Lur-bankuei buruz Katalunian egindako jardunaldian Baztango alkatea bailarako herrilurretaz aritu da

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko mai. 23a, 07:04
Baztango herrilurretaz solasean aritu da Joseba Otondo Baztango alkatea Katalunian.

Bertan ikasitakoetatik, lur-bankuen esperientzia Baztani buruz interesgarria izaten ahal da, Joseba Otondoren erranetan 

Asteburuan CUP alderdiak Katalunian lurren bankuei buruz eta herrilurrei buruz antolatu zuen gogoetaldian, Joseba Otondo Baztango alkateak parte hartu zuen. Gogoetaldia Navás herrian egin zen, elikadura burujabetzari buruz aitzindaria den Bartzelona ondoko herrian. Jardunaldiaren helburua nekazaritza lurren galera eta kontzentrazioaren aitzinean landa-eremuak bizirik atxekitzeko eta  nekazaritza  herrikoia bulkatzeko lurraren bidezko gestioari buruz administrazio publikoak eta herriko elkarteak egiten ari direna aztertzea zen. 

 

 

Baztango alkateak bailarako herrilurren kudeaketaren berri eman zuen; alde batetik, herrilurrak kudeatzen dituen Batzar Nagusiari eta ordenantzei buruzko aipamena egin zuen. Bertzetik , nekazaritzaren bilakaera eta herrilurren aprobetxamendua  nola aldatu diren aztertu zuen eta, azkenik, krisian den nekazaritza indartzen laguntzeko  eta herrilurren banaketan nekazaritzatik bizi nahi dutenak lehenesteko  Batzar Nagusia lantzen ari den herrilurren ordenantzen aldaketa aurkeztu zuen.

Baztango esperientziaz gain, Naváseko jardunaldian lurren aferari buruz sakon aritzeko aukera izan zuten. Carles Soler, Soberania Alimentaría Biodiversidad y Culturas aldizkariko editoreak Kataluniako lur-zoruari buruz eta mundu mailan ematen ari den espekulazio joerari buruz aritu zen. 1999-2009 artean egunero lau ustiategi ttiki hetsi direla jakinarazi zuen, betiko nekazaritza galbidean dela eta lur horiek enpresa handiek erosten dituztela. Gaur egun neurri ttikiko ustiategiak -ustiategi guztien %42-, lurraren %5 bertzerik ez dute. Horren haritik, lurraren banaz bertzeko prezioari buruz Estatu mailan1992an hektarea batek 4.700 euro balio bazuen, 2012an 14.000 euro balio zuela erran zuen. Solerren arabera lurra ondare komertzialean bihurtu da eta bere izaera soziala galdu du. Modu berean, nekazaritza lurrak babesteko legeak behar direla erran zuen eta, ohartarazi, inbertsio funtsendako nekazaritzako lurra merkatu interesgarria dela, gero eta nekazaritza lur guttiago dagoelako eta gero eta jende gehiago badelako.

Terra Franca elkarteko Vanessa Freixak lurra faktore estrategikoa dela erran zuen, nahiz estatuek ez duten horrela jokatzen. Modu berean Europan urtero 188.000 nekazari gazte berri hasita ere, 500.000k uzten dutela jakinarazi zuen. Bertzalde, nekazaritza lurraren kontrolari buruz prezioa kontrolatzen duen Estatu bakarra Frantzia dela erran zuen eta, horren haritik, SAFER eta AMAPen esperientzien berri eman zuen, baik ere nekazal lurra espekulazioaren atzaparretatik kentzeko elkarteak. Lehena publikoa eta bigarrena herritarra. 

Gainerakoan, larunbatean goiz eta arratsaldez egin zen jardunaldian lurraren gestioarekin loturiko alderdi gehiago lantzeko aukera izan zuten. Baztango alkatearen erranetan, bertan ikasitakoetatik, lur-bankuen esperientzia Baztani buruz interesgarria izaten ahal da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun