«Lehendabiziko bestak direnez beti bada aparteko animoa»

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 22a, 12:47

Usoa Urrutia Frias iruritarra, bestak hasteko irrikitan.

Usoa URRUTIA FRIAS, Iruritako gaztea 

Agenda bete-betea izan du azken hilabeteetan Usoa Urrutiak: «taldeak bilatzen eta egitaraua ixten ibili gara eta orain etxez etxe ibiltzea tokatzen zait, egitaraua banatzea, kartelak paratzea... besten berri ematea, alegia». Maiatzaren 24an, kirioak dantzan, gogotsu egonen da suziria noiz lehertuko zain: «lehenbiziko egunean txupinazora arte nerbiostua egoten naiz. Baina, txupina lehertu eta atorra janztean nerbioek emozioari egiten diete lekua». 

 

 

Hortik aitzinera, badaki etxean ez duela ordu aunitzik pasako: «ortzeguna familiarekin pasatzen dut, ortziralea eta larunbata lagunekin eta bertze gazteekin: elkarrekin bazkaldu eta afaldu, dantzan ibili, pilota ikusi, tortilla lehiaketan parte hartu… Eta azken eguna ditudan indarren araberakoa izaten da».

Konpainia eta plana desberdina da baina guztietan helburua bat eta bakarra: «ahalik eta gehien disfrutatzen saiatzen naiz, bai egunez eta baita gauez ere». Edozein moduz, nahiago du gaueko giroa: «musika eta taldeak izaten dira, bertze herrietako lagunekin elkartzen naiz…».

 

Besten bereizgarria

Iruritako besten bereizgarria zein den ere galdetu diogu eta irribarrez erantzun digu: «Elizondokoei galdetuz gero erranen lukete urtero euria egiten duela, baina haiek ere badute zer isildu». Bere ustez, «dantzak izaten dira derrigor egon behar duen ekitaldia. Horrek ez du hutsik egiten. Giro aparta izaten da, gurasoak, haurrak dantzariz jantzita, familiak… Guztiak elkartzen gara herriko plazan gaztetxoenak ikustera». Horiekin batera, egitarauan berrikuntzak gehitzen saiatzen dira: «aurten erraldoiak izanen ditugu eta haurrekin eta gaiteroekin batera herrian barrena ibiliko dira».

Bukatzeko gonbidapena ere luzatu du «bestetara etortzera animatu nahi dut jendea, giro aparta izaten delako egun guztietan eta arras ongi pasatuko dutelako» eta gogorazi du «ez dugula inolako erasorik onartuko. Guztiondako errespetuzko bestak nahi ditugulako».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun