Hortik aitzinera, badaki etxean ez duela ordu aunitzik pasako: «ortzeguna familiarekin pasatzen dut, ortziralea eta larunbata lagunekin eta bertze gazteekin: elkarrekin bazkaldu eta afaldu, dantzan ibili, pilota ikusi, tortilla lehiaketan parte hartu… Eta azken eguna ditudan indarren araberakoa izaten da».
Konpainia eta plana desberdina da baina guztietan helburua bat eta bakarra: «ahalik eta gehien disfrutatzen saiatzen naiz, bai egunez eta baita gauez ere». Edozein moduz, nahiago du gaueko giroa: «musika eta taldeak izaten dira, bertze herrietako lagunekin elkartzen naiz…».
Besten bereizgarria
Iruritako besten bereizgarria zein den ere galdetu diogu eta irribarrez erantzun digu: «Elizondokoei galdetuz gero erranen lukete urtero euria egiten duela, baina haiek ere badute zer isildu». Bere ustez, «dantzak izaten dira derrigor egon behar duen ekitaldia. Horrek ez du hutsik egiten. Giro aparta izaten da, gurasoak, haurrak dantzariz jantzita, familiak… Guztiak elkartzen gara herriko plazan gaztetxoenak ikustera». Horiekin batera, egitarauan berrikuntzak gehitzen saiatzen dira: «aurten erraldoiak izanen ditugu eta haurrekin eta gaiteroekin batera herrian barrena ibiliko dira».
Bukatzeko gonbidapena ere luzatu du «bestetara etortzera animatu nahi dut jendea, giro aparta izaten delako egun guztietan eta arras ongi pasatuko dutelako» eta gogorazi du «ez dugula inolako erasorik onartuko. Guztiondako errespetuzko bestak nahi ditugulako».