erran.eus

Gas naturalaren zerbitzuaren inguruko hainbat erreklamazio jaso ditu Irachek Baztanen

  Gizartea  Baztan

Kontsumitzaile elkartea gas-hornidura enpresako arduradunekin bildu da soluzioa bilatzeko

Baztango gas natural zerbitzuaren inguruko hainbat kontsulta, kexa eta erreklamazio jaso ditu azken asteetan Irache Kontsumitzaile Elkarteak. Gan den urteko azaroan, Baztango etxebizitza anitzetan erabiltzen ziren eta Repsol-eri erosi zizkion propano instalazioak moldatzen hasi zen Gas Navarra, gas natural zerbitzura egokitzeko asmoz. Baina, itxura batean, lanak ez zituen behar bezala burutu.

 

Gehien aipatzen den arrenkuretako bat, energia aldaketa kontsumitzaileek eman beharreko onarpenarik gabe egin dutela da. Horietako batzuk, propano gasarekin funtzionatzen zuten tresnak egokitzera teknikariak etxera joan zaizkien  arte ez dira aldaketaz jabetu. Egun batzuk lehenago jarri zituzten bixita hauen berri ematen zuten kartelak, kontsumitzaileendako epe eskasa, inondik inora. Beraz, gehienetan bezeroak hornidura berri batekin topo egin dute beraiek deus erabaki gabe. Zerbitzu berriaren baldintzak agertzen dituen kontraturik ere ez dute sinatu.

Tresneria egokitzeko lanak debalde izanen zirela jakinarazi zuen Gas Navarrak, baina Irache Kontsumitzaile elkarteak erreklamazioak jarri behar izan ditu, behin egokitzapenak eginda, tresna hauek (galdarak, termioak, kalefakzioak, ur-berogailuak edo barbakoak) ez zutelako behar bezala funtzionatzen. Teknikariek tresnen arazoa dela diote eta ez dutela funtzionamendu txarra bere gain hartzen, baina energia aldaketa egin arte, behar bezala funtzionatzen zuten. Kontsumitzaileren batek galdara berria ere erosi behar izan du eta orain horren ordainketa errejlamatu dio Gas Navarrari.

 

Fakturak

Bertze arazoetako bat fakturazioa da. Kasu batzuetan, Repsolen instalazioak erosiz geroztik, hilabeteak eman dituzte kobratu gabe eta orain, bapatean, 470 eurora ailegatu diren fakturak jaso dituzte bezeroek. Bi hornidura ezberdinen kontsumoak nahasiak ere ageri dira faktura batzuetan eta gas naturalaren metro kubikoa propanoaren prezioan kobratu dute, hagitzez garestiago.

Lehen propano gasa gordetzeko erabiltzen ziren tankeak erabilerarik gabe daude orai, baina ez ditu inork biltzen.

Irache elkartea Gas Navarrako arduradunekin bildu da, kontsumitzaileek dituzten arazoei soluzioa emateko bidean. Propano gasetik gas naturalerako aldaketa berme guztiekin egitea nahi du elkarteak, kontsumitzaileari kalterik eragin gabe eta kalteak jasan izan balitu, enpresak horiek konpentsa ditzan eskatuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa