Haur-Gazte kantarien VI. Topaketa maiatzaren 20an eginen dute Iruritan

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 19a, 07:10
Aurten, Josu Elberdinekin ikasitakoa kantatuko dute abeslari gaztetxoek.

Josu Elberdinekin tailerra egin duten 130 abeslari espero dituzte elizan larunbat arratsaldeko 7etatik aitzinera 

Elizondoko Abesbatzak bere 75. urteurreneko ospakizunetan murgilduta segitzen du. Joan den asteburuan helduen txanda izan baldin bazen, hurrengo honetan gaztetxoena izanen da eta maiatzaren 20an, larunbatean 19:00etan Haur-Gazte Kantarien VI. Topaketa eginen dute Iruritako elizan.

 

Kontzertuaren lehen zatian Elizondoko Abesbatza Ttiki arituko da. Bigarrenean, berriz, beraiekin batera hurrengo ikastetxeetako ikasleak arituko dira: Herrietako Eskolak, Baztan Ikastola, Elizondoko Eskola Publikoa eta Lekaroz BHI. Guztira 130 abeslari baino gehiago arituko dira taula gainean. Aipatu behar da kontzertu honetan maiatzaren 6an burututako tailerran egindako lanaren emaitza ikusteko aukera izanen dela. Tailerran egin zuen moduan, saio honen zuzendari nagusia Josu Elberdin zuzendari eta konpositore pasaitarra izanen da, Kristina eta Maki Urtasunek lagunduta. Pianoan berriz Xabi Urtasun arituko da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun