Benito Menni Ospitalaren eskutik buruko osasunari buruzko solasaldiak eskainiko dituzte asteotan Elizondon

Ttipi-Ttapa 2017ko mai. 2a, 12:11
Arizkunenea Kultur Etxean izanen dira solasaldiak datozen hiru ortzegunetan.

Maiatzaren 4an, ‘Zahartzea, ezagutza eta dementzia’ gaiari buruz ariko da Juan Lahuerta ospitaleko zuzendari medikua

Elizondoko Benito Menni ospitalaren eskutik, buruko eritasun batzuen sorburua ezagutuz, horiek prebenitzen laguntzeko eta jendartea kontzientziatzeko asmoarekin solasaldiak eskainiko ditu datozen asteotan, hiru ortzegunez. Lehenbizikoa maiatzaren 4an, ortzegun arratsaldeko 6etan izanen da Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean eta Zahartzea, ezagutza eta dementzia izanen ditu hizpide Juan Lahuerta neurologo eta Benito Menni ospitaleko zuzendari medikuak. Sarrera doan izanen da eta nahi duen guziarentzako irekitako solasaldia izanen da.

 

Bigarren solasaldia maiatzaren 11n eskainiko du Natalia Ávilak, Benito Menni ospitaleko psikiatrak, ordu eta leku berean. Estresa, tristura, antsietatea eta depresioa izanen ditu hizpide, Osasunaren Munduko Egunaren kanpainaren baitan.

Hondarreko solasaldia Maite Dendarieta buruko osasunean espezialdutako erizainak eskainiko du maiatzaren 18an, ordu eta leku berean. Menpekotasunak, alkohola eta drogak izanen ditu solasgai, Drogamenpekotasunaren kontrako Laguntza Fundazioaren kanpainaren baitan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun