Berroeta-Abartan-Saioa mendi lasterketa eginen dute lehen aldiz ekainaren 18an

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 21a, 13:01

Berroetako plazatik atera eta Saioara igo beharko dute kirolariek.

Parte hartzeko izen ematea apirilaren 20tik ekainaren 5era ireki da

Berroeta-Abartan-Saioa mendi lasterketa antolatu du lehen aldiz Berroetako herriak, Baztango Udalaren eta Basaburua Kirol Taldearen laguntzaz ekainaren 18an. Izen emateko epea apirilaren 20tik ekainaren 5era ireki da.

 

Egun horretan goizeko 8etan hasiko dira dortsalak banatzen eta 9etan izanen da irteera. 16,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek, Berroeta inguratzen duten mendietan. Lasterketak 1.420 metroko desnibela izanen du eta Berroetako plazatik abiatuta (370 metro), Abartanen barna (1.099 metro), Baztango mendirik garaienean, Saioan (1.419 metro) izanen du helmuga. Kontutan hartu behar da lasterketatik kanpo, helmugatik 8 kilometroko itzulera egin beharko dutela korrikalariek eta Saioaraino hurbiltzen diren ikusleek ere.

Gehienez 300 korrikalarik parte hartu dezakete. Inskripzioa internet bidez soilik eginen da, 

https://berroetasaioa.wordpress.com/ eta herrikrosa.eus webguneetan, apirilaren 20tik ekainaren 5era, data hauetatik kanpo ez dira inskripziorik onartuko.

20 euro izanen da inskripzioa federatuentzako eta 22 euro ez federatuentzako. Ordainketa honek eskubidea ematen du proban parte hartzeko, erantzunkizun zibila eta istripuetarako aseguroa izateko eta antolakuntzak eskaintzen dituen zerbitzuen erabilketan. Lasterkariek bakarrik izanen dute luntxean eta sarien zozketan parte hartzeko eskubidea.

Ibilbidea behar bezala seinaleztatuta egonen da, kartel adierazleekin eta ageriko balizaje-zintekin. Kilometro-erreferentziak ibilbide osoan jarriko dira eta sei hornidura postu jarriko dira helmugakoaz gain (3 likido/solido eta 3 likido). Lasterketa akitutakoan luntx bat izanen da parte-hartzaile guztientzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun