'Landa eremua eta Baztan literaturak kontatua' liburuxka argitara eman du Elurre Iriartek

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 7a, 11:34
Elurre Iriarte idaztea eta Metaziriko Ernesto Prat, aurkezpenean.

Baztango paisaia ez dela natura bakarrik azpimarratu nahi du egileak, «paisaia guk egiten dugu, guk idazten dugu»

Elurre Iriarte Bañez arizkundarrak Landa eremua eta Baztan literaturak kontatua liburuxka argitara eman du, Metaziri talde argitaratzailearen eskutik. Liburuxka 3,50 eurotan salgai jarri dute Arizkungo Dolaetxea eta Lupen, Erratzuko Altxuko dendan eta Zubi Puntan, Elizondoko Axularren, Oronozko  Oskorrin, Iruñeko  Karrikiri eta Katakrak-en eta Donostiako Hontzan.

 

Liburuxka honen jatorria 2016ko Eako poesia egunetan emandako solasaldia dela aipatu du Iriartek. Eta paisaia hitz egin zen izan zen gaia Ean eta «Baztango paisaiari buruz solasterat gonbidatu ninduten». Literaturan nolako Baztan eta nolako landa eremua agertzen diren agertzeko. Nolako paisaia sorrarazten digun literaturak, nolako iruditeria. "Erran beharra dut paisaiaz ari naizelarik, ez naizela bakarrik naturaz ari. Paisaia jendeak osatzen du, kulturak, hizkuntzak, jarrerek, harremanek…».

Baztan eta Landa eremuari buruz ari diren testuak bilatzen hasi zen orduan Elurre Iriarte diskurtsoa osatzeko eta hausnarketa plazaratzeko. «Laguntza eskatu nuen horretarako, dudarik ez, eta lagunek emandakoarekin, nik bilatutakoarekin eta memorian nituenekin hautaketa bat egin nuen eta solasaldirako baliatu».  

Hasmentan landa eremuari buruz ari da liburuan eta gero Baztani buruz. Bietan poesia eta prosa baliatu ditu eta bietan berdin gertatzen da: «poesian leku ederra dira landa eremuak eta prosan berriz ilunagoak. Holako iruditeria sortu dugu, ez bakarrik literaturari esker, baina honek badu bere eragina». Hor ageri dira zenbait idazle eta beren poemak eta testu zatiak. Kontra erraten duten testuak ere izanen dira, baina guttienekoak seguraski. 

Akitzeko eta bilaketaren ondotik nire hausnarketa ttikia ageri da: «Baztan (eta landa eremua) ez direla hori bakarrik. Badu hortatik, ilunetik eta ederretik, baina badu gehiago ere. Hori adierazten akitu nuen solasaldia, nere Baztan agertuz. Eta nire Baztan hortan gauza gehiago ageri dira. Ageri dira mutildantzak, ageri da euskara, ageri da Aroztegia, hezkuntza…».

Elurre Iriarteren erranetan,«agertu nahi dudana da paisaia guk idazten dugula, guk egiten dugula. Baztan euskaldun bat nahi badugu, guk egin behar dugu. Baztan feminista bat nahi badugu, guk idatziko dugu». 

Idazleak ez ezik, bertze zenbaitek ere lan egin dute liburuan: azala Xabi Ballarenak egin du, maketazioa Izaskun Gutierrezek eta zuzenketak Maitane Maritorenak. «Solasaldirako prestaketan berriz aise jende gehiagok parte hartu zuen, testuak igorriz edo liburuak irakurriz. Denak aipatzea luzexko», aipatu du Elurre Iriartek.

Metaziri talde argitaratzailea izen bereko aldizkariaren inguruan sortu zela aipatu du Ernesto Prat Urzainkik, Baztango errealitatea ikuspegi kritikotik aztertzeko eta bailarako aldaketa sozial prozesuak laguntzeko. Eginkizun nagusia Metaziri aldizkariaren argitalpena izanagatik, inguruko sortzaileen liburuak argitaratu izan ditu eta azkeneko urteetan gogoeta liburuak ere bai. «Tartean gaur gure artean dugun Elurre Iriarteren Kirika FM liburua. Halaber, orain pare bat urte Baztani buruzko ezagutza bulkatu eta jendarteratzeko XXI. mendeko nekazaritza Baztanen liburuxka argitaratu genuen, ezagutza herritarra sustatzeko eta gainerako herritarrekin elkarbanatzeko, nolabait, adimen kolektibo kritiko eta eraldatzailea eraikitzen laguntzeko. Landa eremua eta Baztan literaturak kontatua eginahal horretan kokatzen dugu, liburuxka formatu irakurtzeko erraz batean, gure komunitatea ahalduntzeko ekarpen bezala».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun