Denbora guzti honetan herritarren ustea izan da Casinoko lurra baztandarrena zela, baina 2014. urtean elkarteak udala auzitegietarat eraman zuen lurra beraiendako eskatuz. Udala bai aitzineko legealdian, bai honetakoan ere, baztandarren interesen defentsan aritu da eta, azkenean, auzitegiek, hala ebatzi dute. Sententziak aipatzen duenez 1861ko azaroaren 2an Baztango orduko alkateak eta Circulo de la Unión elkartearen artean sinatutako eskrituran lurraren jabegoa ez da transferintzen; zegokion kanona ordainduz, eraikina eraiki ahal izateko tramitea bertzerik ez zen izan. Halaber, ebazpenak erraten du, orduz geroztik ez dela deusik erakusten duenik lurraren jabegoan aldaketa eman denik eta, gehiago, 2001ean elkarteak udalari lur hori erosteko proposamena egin ziolarik hori bera erakutsi zuela, hau da, lurra beraiena ez zela.
Modu berean, lurra udalaren izenean eskrituraturik Casino elkarteak haren kontra egin ez zuela ere aipatzen du, ondorioztatuz, kontra ez egiterakoan, lurraren jabegoa beraiena ez zela aitortzen zutela.
Sententziaren aurka Casino elkarteak Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa paratzeko aukera du.