‘Baratze Hezitzailea, herriko haurren baratzea’ proiektua abiatu dute aurten ere Elizondon

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 6a, 11:11

Baratzea Elizondoko herriko etxearen gibeleko aldean egonen da.

Elizondoko eskolako eta Baztan Ikastolako ikasleak, irakasleak eta laguntzeko prest dauden gurasoak ariko dira

Apirilaren 6tik aitzinera, bigarren urtez segidan,  Elizondoko Herriak utzi duen lur sail batean baratze bat lantzen hasiko dira herriko bi ikastetxeetako hainbat haur Balleko Etxeko langile eta teknikarien laguntzaz. 

 

Proiektu honetan Elizondoko Eskolako 2. mailako eta Baztan Ikastolako  4. mailako gelek parte hartuko dute, 34 haur, 2 maistra eta laguntzeko prest leudeken guraso guztiak.

Jarduera hezitzaile honen bitartez auzolana, elkar trukea, natura eta ingurugiroa, aitatxi-amatxien ezagutzak, hondakinen kudeaketa eta konposta, herriko azoka eta gure ingurune hurbilari loturiko bertze hainbat eduki pedagogiko interesgarri landuko dituzte.

Lehen ekintza apirilaren 6an, ortzegun goizeko 9:45an burutu dute bi gelak elkarrekin baratzera joan dira, bertan Baztango Udaleko zabor teknikariak konpostaren inguruko saio bat eman du, baratzearen banaketa  egin dute eta merkatua ezagutzera joan dira. Hemendik aitzinera, gela bakoitza hamabortxean behin joanen da. Apirilaren 6an, bi gelen arteko hitzarmena sinatu dute, batak bertzearen baratzea zainduko du joaten ez diren aste horretan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun