Jubilotokia ireki dute apirilaren 3an Elizondon

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 3a, 11:12

Arizkunenea Kultur Etxeko lehen solairuan eskainiko dute astelehen astea asteazkenetan 10:00etatik 13:00etara

Jubilotokia adineko jendea elkartzeko eta sozializatzeko tokia da, profesional batek gidatua eta girotua. Apirilaren 3an jarri dute martxan Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxeko lehen solairuan, liburutegi zaharrean, Baztango Udalak onartu eta Arkupeak eta Bidelagun elkarteek lagundutako proiektua.

Jubilotokira hurbiltzen direnak konpainian egonen dira, ongi artatuak eta lagunduak. “Toki aproposa da landa eremuko bakartasun- eta isolamendu-egoeran inor egon ez dadin, elkartzeko eta parte-hartzeko aukera bikaina baita. Azken finean, Jubilotokiaren bidez, harreman sozialak bulkatuko ditugu”, aipatu dute aurkezpenean.

Elizondon izanen du hasiera proiektuak, baina aitzinerago Baztango bertze herri batzuetara hedatzeko asmoa ere badute. Aipatu bezala, Jubilotokiaren egoitza Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean egonen da, lehen solairuan (liburutegi zaharrean). Eraikinak igogailua du, hortaz, erabiltzaileak aise moldatuko dira.

Jubilotokia astelehen eta asteazkenetan izanen da, goizeko 10:00etatik 13:00etara.

Eginen diren jardueren baitan honakoak landuko dira:  kalkuluaren bidez burua aktibo mantendu, arreta, entretenimendua eta ongi pasatzea, gimnasia fisikoa eta mentala, eskulanak, mahai-jokoak…

Amaia Iriondo izanen da proiektua bideratuko duen profesional eta arduraduna. Parte hartu nahi dutenek ondorengo telefonoan izena eman beharko dute: 659 849 570

Interesatuei lehenbailehen egiteko eskatzen zaie, taldea antolatu ahal izateko. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun