Koloneko minbizia prebenitzeko kanpaina abiatu dute Baztanen

Ttipi-Ttapa 2017ko api. 3a, 07:15

50-69 urte bitarteko herritarrei eskutitza eta testa egiteko kit-a etxerat ailegatuko zaie egunotan

Egun hauetan kolon minbizia prebenitzeko kanpaina abiatu da Baztanen. Nafarroako Gobernuaren Osasun Publikoaren institutuaren ekimenez eta Baztango Udalaren laguntzarekin ondoko egunetan 50-69 urte bitarteko herritarrei eskutitza eta testa egiteko kit-a etxerat ailegatuko zaie. Testa egitea erraza da eta norberak bere etxean egiten ahal du; ondotik Elizondoko osasun etxean utzi beharko du.

Koloneko minbizia prebenitzeko kanpainak, bularreko minbizia prebenitzekoaren gisa berekoa izan nahi du, arriskuan egon daitezkeen herritar guztiengana iritsiko dena eta interesdunen parte hartze handia izanen duena.

Koloneko minbizia tumorerik ohikoenetako bat da Nafarroan eta tenorez detektatzen bada, kasuen %90etik gora sendatzen ahal da.

Modu horretan, aurten, Baztanen lehendabiziko kanpaina eginen den honetan, arrisku adinean diren herritarrei kanpainan parte hartzeko deia egin nahi die udalak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun