Erabilera libreko funtsen banaketari alegazioa aurkeztu dio Baztango Udalak

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 30a, 07:21

Baztango herria hamabortz udalek osatzen dutela eta hedaduraz Nafarroako handiena dela ahazten duela uste du 

Nafarroako Gobernuak argitaratutako erabilera libreko funtsen inguruan Baztango udalerria bertze behin bazterturik gelditu da. Eta, horregatik, alegazioa aurkeztu berri du. Laguntzen behako laster batek erakusten duen bezala eta adibidetako Baztanek inguruan dituen udalerriak kontuan harturik, udaletxe eta kontzejuka egiten den diruen banaketa honek Baztan hamabortz herriz osatua dagoela, bertze behin, ahazten du. 

Horrela, Baztanek (15 herri, 7.712 biztanle) 170.000 euro jasotzen baditu, Bortziriak, udal guztiak baturik (5 herri, 8.700 biztanle) 430.879 euro hartuko ditu eta  Malerrekak (12 herri, 5.000 biztale inguru) 402.451 euro. Gauza bera Esteribarrekin alderatuz gero (PILean 10 herri eta udala, 2.509 biztanle) 318.112 euro edo Erroibar (hamar herri eta udala, 809 biztanle) 221.669 euro. Arrangura, bistan da, ez da udal eta kontzeju horiek hartuko dutenari buruz, Baztanek jasaten duen bazterketari buruz baizik. 

Gaurgero ezaguna denez, Baztanek hamabortz herri ditu, lurraldez Nafarroako udalerri handiena da, eta azpiegitura sare publiko zabala du: hamasei eskola-eraikin, zortzi osasun etxe eta mediku-kontsultategi eta herritarren ur-beharrak asetzeko hogeita zazpi ur-andel. Bertzalde, hemezortzi pilotaleku, polikiroldegi bat, lehorpeko igerilekua, futbol belagaia; zahar etxea, kultur etxea… Halaber, Baztango bide-sareari buruz, udalaren ardurapeko 1.626 km. bide daude. Nabarmena denez, erabilera libreko funtsen banaketa Baztango errealitateari buruz guztiz bidegabea da, Baztan udaletxe bat baita, bai; baina 15 herriz osatua eta 375km2-ko hedadura duena. Horregatik, Baztango udaleko gobernuak, erabilera libreko funtsei alegazioa aurkeztu die, banaketa begiratu dezatela eskatuz eta Baztango egiazko errealitatea kontuan hartzeko exigituz; bailara honi zuzenbidez dagokiona emateko.

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun