50. urteurreneko ospakizunak egun osoko bestarekin borobilduko du Elizondoko Lanbide Eskolak maiatzaren 6an

Iazko urriaren 13an egin zuten ekitaldi ofiziala, baina 50. urteurrena besta handi batekin borobilduko dute Elizondoko Lanbide Eskolan.

Kalejirak, argazki erakusketa, bazkaria, musika… izanen dituzte eta txartelak eskura daitezke dagoeneko 

Elizondoko Lanbide Eskolak urriaren 13an 50 urte bete zituen eta egun horretan ospakizun xume bat egin zen. Ikasturtean zehar ere zenbait ekitaldi egin dituzte eta oraingoan berriz, maiatzaren 6an egun osoko festa eder bat egiteko asmoetan daude ikasle, langile eta irakasle ohi eta orain ari diren guztiak.

 

Egun horretan, 10:00etan txalaparta eta aurreskua izanen dute eguna hasteko. Ondotik, kalejira joaldun eta txistulariekin. 11:30ean eskola irekiera eginen dute Baztango dantzariek. Argazki erakusketa eta bisita gidatak ere izanen dituzte eskolan. 12:00etan pilota partida jokatuko da eta 13:00etan Gaztelu abesbatzaren emanaldia. 14:30ean bazkaria izanen da eta ondoren bertsolariak eta trikitilariak ariko dira. 17:30etik 20:30era Oharkabe taldearekin dantzaldia izanen da. Egun osoan zehar ostatua izanen da.

Egun horretarako txartelak 35 eurotan salgai daude Donezteben (Titi ostatua eta Ostiz estankoa), Beran (Xuga ostatua), Elizondon (Mendi ostatua eta Lanbide eskola), Erratzun (Iparla ostatua), Iruritan (Olari jatetxea), Leitzan (Beatrizenea jatetxea) eta Lesakan (Legarra estankoa eta Xagu liburudenda). Apirilaren 24ra bitarte eskura daitezke txartelak.

Bertze aukera bat, ikasleek egun honetarako sortu duten https://50urtezlanbidean.wixsite.com/elizondo web orrian agertzen den kontu korrontean ordainketa egin eta maiatzaren 6an ordainketaren justifikantea eraman eta txartela eskuratzea da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun