Hamaiketakoan eta jangelan sortutako hondakin organikoarekin konpost ondua lortu dute Baztan Ikastolan

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 24a, 07:26

Konpost ondua atera zuten laugarren mailako ikasleek.

Hondakinak eta birziklapena ikasgai garrantzitsua dira ikastolan

Udalerriko bertze zenbait ikastetxetan bezala Baztan ikastolan ere hondakinen kudeaketa eta horien artean gai organiko edo biohondakinen bereizketa eta konpostajeari garrantzi haundia ematen zaio eta ikastolako egunerokoan trasbertsalki lantzen da gaia.

Baztan ikastolak ere bat egin zuen Udaletik bulkaturiko konpost kanpainarekin eta hamaiketakoan sorturiko hondakin organikoak konpostatzen hasi ziren duela bi urte pasa. Ikastolan beti eman zaio merezi duen garrantzia hondakinen kudeaketari, irakasle eta gurasoek dioten bezala, «gure seme alaben etorkizunean eragin haundia izanen dute ziur hemen finkatzen diren ohiturek eta hondakinen kudeaketa egokia egin eta egiten ikastea arras garrantzitsua da zentzu honetan».

Ikastolako jangelan sorturiko hondakin organikoa ere bereiz biltzen dute eta berdina egiten dute gainerako hondakin frakzioekin. Murrizpen edo prebentzioaren garrantzia ere presente dago ikastolan, hamaiketakoan ahalik eta hondakin guttien sortzen saiatzen dira bilduki berrerabilgarrien erabilpena bultzatuz (tuperrak, boc´n roll edo telazko bokata bildukiak, etab.). Guraso elkarteak antolaturiko ikastolaz kanpoko ekintza edo jardueretan ere baxera berrerabilgarria erabiltzen da eta hondakinak gaika sailkatzeari garrantzi haundia ematen zaio

Erran bezala, azken bi urte hauetan ikastolako ikasle eta irakasleek beren gosarietan sorturiko hondakin organikoak bereizi eta Udalak jarritako konpostagailuan konpostatu dituzte. Udaleko hondakin teknikariaren aholkuak jaso badituzte ere, lan guztia beraiek egin dute. Ikastolako ikasle guztiek parte hartzen dute aportazio prozesuan eta joan den astean beren lanaren lehendabiziko emaitza lortu zuten, itxura ezin hobeko konpost ondua atera zuten 4. mailako ikasleek!

Lorturiko ongarriz beteriko poltsatxoak eraman zituzten etxera eta gainerako konposta Elizondoko ikastetxe publikoko lagunekin batera mantendu behar duten herriko baratzea ongarritzeko erabiliko dute, honela gai organikoaren zikloa herrian bertan hertsiz.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun