Alberto Barberenak irabazi du Nafarroako Duatloi txapelketa

Ttipi-Ttapa 2017ko mar. 23a, 08:25

Alberto Barberena, lasterka denbora onenak egin zituen, baina bizikletan galdu zuen Altsasuko lasterketako lehen postua.

Martxoaren 18an burutu zen Altsasuko VII. Duatloian, sprint modalitatean

Erreka Tri taldeko Alberto Barberena elizondarrak sprint modalitateko Nafarroako Duatloi txapelketa irabazi zuen martxoaren 18an Altsasun egindako lehiaketan. Sailkapen orokorrean bigarren izan zen Barberena, Pello Osororen gibeletik. Baina lehenbiziko nafarra izan zenez, beretzat izan zen Nafarroako txapela.

 

Pello Osorok ordubete, 4 minutu eta 39 segundo behar izan zituen 5 kilometro lasterka, 22 kilometro bizikletan eta azkeneko bi kilometro eta erdi berriz ere lasterka egiteko. Barberenak, berriz, 26 segundo gehiago behar izan zituen. Baztandarrak denborarik onenak egin zituen lasterka osatu beharreko zatietan, baina bizikletan Osoro gailendu zitzaion.

Alfredo Telletxea doneztebarrak ere parte hartu zuen Altsasuko lasterketan eta 21. postua eskuratu zuen sailkapen orokorrean eta bosgarrena beteranoen kategorian, ordubete, 10 minutu eta 10 segundoko denborarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun