Baztango ordezkaritzak Beartzungo bidean zabalguneak egiteko eskatu zion zuzendari nagusiari. Modu berean Gorramendiko bidea xehaturik dagoela jakinarazi zion eta Orabideko errepidea ere hondaturik dagoela. Arizkungo Iketzateko bentako bidegurutzeko borobilguneaz ere galdetu zioten. Bertzalde, Elizondorat sartzeko zubi berriaren proiektua zertan den erran zioten eta Lekarozetik hilerrirat joateko zaldaina zertan den ere bai. Zuzendari nagusiak errepide sarea zabaldu eta hobetzeko partidarik gabe dagoela erran zien eta kontserbaziorako kontu-saila ere justua dela. Baztango ordezkaritzak ez zuen konpromiso zehatzik lortu ahal izan, baina Baztanek dituen behar horietarik ohartzeko baliatu zuten hitzordua. Bailarako gainerako bideen mantenimendu eta konponketa Tokiko Inbertsio Planetik eta udalaren aurrekontutik bideratzen da.