«Sakabanaturik diren ikastaroak eta indarrak elkartu eta elkarlanarekin gorago dagoen, kualitatiboki desberdina den zerbaitean bihurtuz». Alkatearen iritziz «batasunak ikusgarritasuna ekartzen du eta eskola herritarrarekin oharkabean pasatzen ziren hainbertze ekitaldiri bertze balioa ematen zaie. Oraingo krisi ekonomiko, sozial eta kulturalaren testuinguruan geroari buruz moldatu behar horretan, bertze eginahala».
Ekimenean parte hartu duten eragileak orotarikoak dira, aurten, Baztango Udala, EHNE, Hazitik hozie, Lekarozko Legate elkartea, Anizko elkartea eta Jo ala Jo bildu dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez eragile bakoitzak ikusi du zer eta nola antolatu eta eragile bakoitza izanen da bere ikastaroaren arduraduna. Modu berean, aurten koordinatu direnak elkarte batzuk izanagatik, heldu den urtean, akaso, bertze batzuk izanen direla erran dute.
Hazitik hozieren izenean Mikel Sobrinok Baztanen gaur egun agroekologiaren ikuspegitik lanean ari diren ekoizle desberdinak daudela erran du, bazkaleku komunalak ekologikoan daudela, herritarren artean interesa gero eta handiago dela... eta horregatik, Baztanek agroekologiaren bidean erreferentea izateko ahalmena duela. Sobrinoren erranetan, «horretarako, antolaketa eta elkarlana bulkatu behar dira. Eta, egiten ari garenari ikuspegi estrategikoa eta eduki ideologikoa eman». Baztango agroekologia eskola herritarrak horri erantzun nahi dio eta, horretarako, aurkezten dugu erran du.
Aurtengo egitarauan bertzeak bertze: fruta-arbolen txerto ikastaroak, bazken aldizkatze ikastaroa, eztigintza eta erlezaintzako hastapen ikastaroa, haziaren eguna, sagardo eta sagar dastaketa… izanen dituzte.