Euskal Nobela Beltzaren Astea egitarau betearekin dator Baztanera

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko urt. 12a, 07:50
(H)ilbeltza Euskal Nobela Beltzaren Astea izanen dute aurten ere Baztanen. Asteazkenean aurkeztu zuten Iruñeko Karrikirin.

Ekarpena eman duten 77 pertsonen izena ageri da ilbeltzaren 16tik 22rako kartelean

(H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea ospatuko da ilbeltzaren 16tik 22ra, egitarau zabalarekin. Horren berri eman zuten ilbeltzaren 11n, asteazken arratsaldean Iruñeko Karrikirin eskainitako prentsaurrean. Bertan izan ziren Eneko Aizpurua eta Patxi Larrion idazleak, (H)ilbeltza ekimenean parte hartuko dutenak, Ernesto Prat eta Maitane Maritorena (H)ilbeltza ekimeneko kideak. Egitarauaz gain, www.ilbeltza.eus web gunearen nondik norakoak ere azaldu zituzten. 

 

Ilbeltzaren 16an, astelehenean 19:30ean Arizkungo liburutegi beltzan, Idazleekin Solasean ekimenaren baitan, Patxi Larrionekin Feriatzaileak liburuari buruz solasean ariko dira.

Hilaren 18an, asteazkenean 19:30ean Anizko elkartean, Beltz guztiak ez dira bele solasaldia eskainiko du Miel Anjel Elustondok, Gotzon Garate oroimenean.

Hilaren 19an, ortzegunean 19:00etan, Berroetako Gure Ametsa elkartean, Patziku hil arte solasean hitzaldia eskainiko du Patziku Perurenak, Hilen xarma liburuaren inguruan.

Hilaren 20an, ortziralean 19:00etan Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean, Euskal Harriaren ABDak laburme­traia ilun aukeratuak bideo emankizuna eskainiko dute Beñat Iturriotz, Santi Leoné eta Ane Urkiolak.

Hilaren 21ean, egun osoko egitarau zabala prestatu dute. Hasteko, larunbat goizeko 11etan Arizkunenean, Fikziorako argudioak, politikaren trama beltzetik mahai ingurua eskainiko dute Teresa Todak eta Gorka Bereziartuak, Mikel Soto moderatzaile dutela. 14:00etan bazkaria izanen dute Erratzuko Etxeleberteko Txokoa elkartean. Txartelak 15 eurotan daude salgai eta nahi izanez gero, email bidez ere eska daitezke.

Bazkal ondotik, elkartean berean liburu aurkezpenak eginen dituzte: Lehertu da festa (Eneko Aizpurua), Ultimes déchetes (Itxa­ro Borda), 33 ezkil (Miren Gorrotxategi) eta Freeport (Ander Odriozola). Ondotik, Erratzuko ostatuetan barna Susmagarrien gaua. 21:00etan kontzertua Etxeleberteko Txokoan, Dix eta Biok Markos Untzetaren eskutik.

Hilaren 22an, azkenik, igande goizeko 11:30ean ipuin kontaketa teatralizatua eginen dute Lekarozko plazan. 19:30ean berriz, bertso-trama izanen da Arizkunenean. Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Julio Soto eta Alaia Martin ariko dira bertsotan, Josu Goikoetxea gai-jartzailearen erranetara.

(H)ilbeltza elkarteak antolatu du Euskal Nobela Beltzaren Astea, Baztango Udalaren eta hainbat komunikabide, elkarte eta herriren laguntzarekin. Horretaz gain, bertze zenbait laguntzaile biltzeko kanpaina ere burutu dute, Izan (h)ilbeltza, zure izena gure izana izenburupean. 77 ekarpen lortu dituzte kanpainan eta beraien izenak ageri dira kartelean.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun