Lekarozko Enpresa Campusean instalatzeko erraztasunak eskaitzen dizkie enpresei Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 10a, 08:07
Berriki farmazia-enpresa bat instalatu da Lekarozko campusean (ezkerrean).

28.000 metro koadro ditu partzela malguetan banatuta, lurzorua erabat urbanizatuta eta beharrezko zerbitzu guztiak ditu, ur-hornidura, saneamendua, hornidura elektrikoa eta telekomunikazioak, esaterako

Nafarroako Gobernuak Lekarozko Enpresa Campusean 28.000 metro koadro ditu partzela malguetan banatuta enpresak bertan instala daitezen; Garapen Ekonomikorako Departamentuak ematen dituen inbertsio eta berrikuntzarako laguntzak eskuratu ahalko dituzte eta, horrez gain, Nasuvinsa enpresa publikoak eraikitako instalazioak alokatu ahalko dituzte beraiek eraiki nahi ez badituzte behintzat.

 

Lurzorua urbanizatuta dago erabat eta beharrezko zerbitzu guztiak ditu, ur-hornidura, saneamendua, hornidura elektrikoa, telekomunikazioak, bideak edo berdeguneak, esaterako. Campusak 120.000 metro koadroko azalera hartzen du, eta Kaputxinoen eskolako eliza zaharrean dagoen enpresa-haztegi bat du ere proiektuak fase goiztiarretan hartzeko, bai eta ikasgelak dituen baliabide nahiz jardueren zentro bat ere enpresa-topaketak, ikastaroak, jardunaldiak edo mintegiak egiteko bertan.

Enpresa-campus horren merkataritza-potentzialtasuna optimizatzeko, Nafarroako Gobernuak bere espezializazioan lanena dihardu Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeko espezializazio adimentsuaren estrategietan zehaztutako lehentasunezko azpisektoreetan; izan ere, Lekaroz Iruñeak, Donostiak eta Baionak osatutako triangeluaren erdian dago. Hala, bio-osasunekoak, sormen-industriakoak eta digitalekoak, nekazaritza-elikagaien teknologienak, eta energia berriztagarrienak eta efizientzia energetikokoenak aztertzen ari dira, gaur goizean Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusi Izaskun Goñik Lekarozen prentsaurrekoan ezagutarazi duenez.

Aurrez, toki horretan bertan interesa izan dezaketen enpresetarako aurkezpen bat egin da, eta gauza bera egin zen abenduaren 22an Irunen (Gipuzkoa) eta Biarritzen (Frantzia). Gogora ekarri behar da, berriki instalatu dela Lekarozen farmazia-enpresa bat, 7,5 milioi euroko inbertsioa eginez eta 30 lanpostu sortuz.

 

Ezarpena eta laguntza publikoak

Nafarroako Gobernuak Lekarozko Enpresa Campusean ezartzeko hainbat aukera eskaintzen ditu: enpresak lurzorua erostea eta berak instalazioak eraikitzea adibidez, edo Nasuvinsa sozietate publikoak nabea eraikitzea gero enpresa interesdunari alokatzeko. Enpresen haztegian hasieran instalatzeko eskaera ere egin daiteke alokairu bat ordainduta edo baliabideen nahiz jardueren zentroko instalazioak erabiltzea merkataritzako aurkezpenak edo ikastaroak egiteko.

Partzelak erosteko interesa duten enpresek Nasuvinsa enpresa publikoarekin harremanetan jarri behar dira 848 420 600 telefono-zenbakira dei eginez edo posta elektronikoz (info@campuslekaroz.com). Aholkularitza jasotzeko, Garapen Ekonomikorako Departamentuko Enpresa Sustatzeko Zerbitzura jo daiteke (848427655 telefono-zenbakia).

Lekarozko Enpresa Campusean instalatutako enpresek Nafarroako Gobernuak eskainitako laguntza publikoak eskuratu ahalko dituzte, esaterako: itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak inbertsio berrietarako edo industriako enpresen handitzea, berrikuntzarako laguntzak, edo 30 urtetik beherako ikertzailek edo teknologia-alorreko langileak kontratatzeko deialdiak. Gogora ekarri behar da, campusa Baztanen dagoela, 2014-2020 eperako Eskualdeko Laguntza Maparen barnean dagoen udalerria, eta horrek inbertsiorako laguntza-portzentaje handiagoak ahalbidetzen dituela.

Gainera, Sodena enpresa publikoaren bide-laguntza jaso ahalko dute ondorengo esparruetan: enpresa-aholkularitza, bazkide eta laguntzaileen bilaketa, finantza-babesa (arrisku-kapitala, partaidetzazko maileguak eta abalak) eta inbertsioaren sustapena (Invest Navarra).

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun