Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Palacio de Arozteguia enpresak demokrazia mehatxatzen duela uste du Aroztegia… eta gero zer? Plataformak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko abe. 2a, 09:17

Enpresak salatutakoek jasaten ari diren jazarpena salatu dute prentsaurrean.

Abenduaren 1ean egindako agerraldian, enpresaren jazarpena salatu dute eta proiektuaren tramitazioaren aurka jarrita dauden helegiteei buruz ere aritu ziren

Palacio de Arozteguia SL enpresak zazpi herritarren kontra abiatutako jazarpen kanpainaren berri eman zuen abenduaren 1ean Aroztegia… eta gero zer? Plataformak. Proiektuaren tramitazioaren aurka jarrita dauden helegiteei buruz ere aritu ziren Arizkunenean eskainitako prentsaurrean.

Plataformako kideek aipatu zutenez, «2016ko urtarrilaren 27an herri galdeketaren aldeko ekimen bat aurkezteko prentsaurreko bat eman genuelarik, ez ginen ohartuak Palacio de Arozteguia S.L. promotoreak herritarren iritzia biltzearen kontra judizialki jotzeko hartua zuen deliberamenduaz. Zantzuak izan baziren. Hilabete batzuk lehenago Palacio de Arozteguia SL promotoreak Garbiñe Elizegi alkate ohiari 36.000 euroko kalte ordaina eskatu zion “pelotazo urbanistiko” erramoldea erabiltzeagatik. Erramolde arrunta zen karrikan, komunikabideetan, nola zirkulu politikoetan. Aroztegiko kasuan kolpe batez, bozketa bakar batean,  330.000 eurotik ia 9 milioiko balio izatera pasatu izanari egiten zion erreferentzia erramoldeak. Salaketa gertaera isolatu gisa ulertu genuen, mendeku nahia pertsonalizatua. Harrokeria eszenaratu bat».

Aroztegiko proiektua herri galdeketaren bidez konpontzeko saiakera bere bidea egiten ari zen bien bitartean. Herri galdeketaren aldeko aldarria hedatzen ari zen eta ezkutatu ezin zen indarra hartu zuen: 1.500 laguneko manifestazioa, kontsulta eskaera ezkerreko talde parlamentarioen aldetik, gizarte zibileko eragileen agerraldia, Bailarako Batzar Nagusiaren babesa, sinadura bilketa...eta data finkatu zen ekainaren 5ean Herri Galdeketa egiteko. Aroztegia… eta gero zer? Plataformak jakinarazi zuenez, «hilabete lehenago, maiatzaren 6an hasi ginen, hasmentan aipatutako prentsaurrekoa eman genuen 7 herritarrak zigor kereilak jasotzen: etorkizun beltzaren mehatxua, beldurraren gutuna. 50.000 euroko kalte ordainaren eskaria, ezusteko galanta, batez ere, kontuan hartuta herritarren iritzia biltzea bertzerik ez genuela eskatzen. Baina lehenbizikoak izan ginen, irteera tiroa eszenifikatu zutenak eta ordaindu behar genuen ausardia, herritarren iritzia publikoki eskatzeko ausardia».


Alkate eta alkate ohia ere epaitegira

Baina mehatxua ez zen beraiendako bakarrik, maiatzaren 9an Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohiaren eta Joseba Otondo egungo alkatearen aurka Palacio de Arozteguia SL enpresa sustatzaileak jarritako salaketa onartu zuen epaitegiak, prebarikazio delitua egotzita. «Baztango ordezkariak ere jo puntuan zituen Palacio de Arozteguia SL promotoreak –Plataformaren erranetan–. Eta segidan, maiatzaren 11n, Manu Ayerdi Gobernuko lehendakari ordea Aroztegiko eremuan zen, komunikabideen aitzinean, proiektua berea edo Nafarroako Gobernuarena balitz bezala azaltzen eta defendatzen. Gure aurkako 50.000 euroko eskaeraz hitz erdirik ere ez. Baztango ordezkarien aurkako salaketari buruz deus ez! Mehatxua praktikarat; mugitzen dena paretarat, barkatu epaitegietarat».

Maiatzaren 13an izan zen kontziliazio aktoa deitzen dena Elizondoko epaitegian. «Herritarren babesa presente izan genuen. Berriz ere, esker mila guztiei! Palacio de Arozteguia SL promotorea berriz, agian Manu Ayerdiren aldetik jasotako neurrigabeko babesagatik, agian berezkoa dutelakoz edo biak batera, bere eskaeran tematu zen: demanda aitzin eta 50.000 euroko kalte ordainen eskaera. Gu ere gurean tematu beharko ba!. Herritarren hitza bilatzea ezin inoiz eta inon errudun agertzeko arrazoia», diote Aroztegia… eta gero zer Plataformako kideek.

Ekainaren 5ean herri galdeketa egin zen. Prozesu garbia eta emaitza argia (nabarmen irabazi zuen proiektua gelditzearen aldeko jarrerak) izan zela azpimarratu ondotik, Palacio de Arozteguia S.L. promotoreak “bere demanden mehatxupean gauzkala” salatu du Plataformak, «oraindik horrela jarraitzen baitigu urte hasmentako prentsaurrekoa eman genuenok, eta Alkate eta Alkate ohiaren aurkako prozesuak  jarraitzen duelakoz oraindik ere. Palacio de Arozteguia SL promotoreak beldurtuta nahi gaitu eta isilik bere proiektu urbanistiko espekulatzaileak  aitzina pausoak eman bidenabar».

«Enpresak beldurtu eta isildu nahi gaitu»

Aroztegia… eta gero zer? Plataformaren erranetan, enpresak beldurtu eta isildu nahi ditu. “Beldurtuta badakielakoz  mehatxurik gabeko baldintzetan ez zelakoz  inondik ere onartuko beren proiektu espekulatzailea. Beldurtuta gure burua bertzerik kontuan ez hartzerat muga gaitezen. Beldurtuta edozein izan daitekeelakoz  demandatua. Beldurtuta zatitu gaitezen aise maneiatzeko. Beldurtuta gure odolean ezagutzen dugulakoz  sosaren indarra. Eta isilik. Isilik badakielakoz  informazioa eta ideien eztabaida beldurraren aurkako txertorik eraginkorrenak direla. Isilik, zabaldu ez dadin, oraindik ez dela epaitegietan erabaki, proiektuak legalki baldintza guztiak betetzen ote dituen. Isilik ez duelakoz  zabaltzea nahi lurren birkalifikazioa lortu zuen garaian udaleko abokatua zena gerorat enpresaren abokatua ere bazela aitortu zuela. Isilik, pentsa dezagun gure herrian ez den bitartean…,  isilik agian krisia ez da pasatzen ari eta eskertuko didate ahoa zabaldu ez izana”.

Berriki Isabel Elizalde kontseilariak ttipi-ttapa aldizkarian egindako elkarrizketan adierazi zuen: “Herritar batzuk kontra agertu dira, bertze batzuk alde eta bertze aunitzek ez dute deus ere erran”. Horren aitzinean, Aroztegia… eta gero zer? Plataformaren galderak: «Zer egin du berak bere postuak ematen dion pribilegiotik herritarrek libreki adierazi dezaten beren iritzia? Zer erran du enpresak mehatxatutako herritar eta herri ordezkarien alde? Zergatik merezi du horrelako begirunea herritarrak eta herri ordezkariak mehatxatzen dituen enpresa baten proiektuak? eta hain gutxi baztandarrek serioski eginiko herri galdeketa eta protestek? Zer ulertu behar dugu erraten duelarik “Garapen urbanistiko hori, beharbada, sobera handia da zonalde horretarako, baina ikusiko dugu garapen hori nola egiten duten”. Garapen urbanistiko hau ez da onargarria, baina baimen guztiak lortzen dituztenean nahi dutena eginen dute. Punto. Horra paketea baztandarrendako».

Urte hasmentan, ilbeltzean, eman zuten herri galdeketaren aldeko prentsaurreko hura, «11 hilabeteren buruan, abenduan, hemen gaude, herri galdeketa egina, elkarrekin izateko gogoz, Lekarozko herriarekin bat jarraitzeko asmoz eta gure erakundeen gainetik pasatu nahi dutenei aurre egiteko prest! Elkarlana, Elkartasuna eta Elkarbizitza baztandar librez osatutako Baztan aske batendako zutabeetako hiru. Aroztegia gelditu!!!» adieraziz akitu zuten prentsaurrea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun