Izeta sariketaren zazpigarren edizioa hasiko da azaroaren 11n Barañainen

Ttipi-Ttapa 2016ko azaroaren 10a

2014ko azken edizioan Saioa Alkaiza izan zen txapeldun. Argazkian, 2014ko finalistak.

Hamar bertsolarietatik lau sailkatuko dira  azaroaren 18an Baztanen jokatuko den finalerako

Hamar bertsolarik kantatuko dute ortziraleam Izeta sariketako kanporaketan. Saioa Barañaingo Haizea elkartean jokatuko da ortzirale arratsaldeko 7:30etik aitzinera. Sarrera doakoa da eta akitutakoan merendua eskainiko dute. Hamar bertsolari hauek hartuko dute parte kanporaketan: Patxi Castillo (Bera), Iker Gorosterrazu (Ituren), Amaia Elizagoien (Oronoz), Sarai Robles (Barañain), Alazne Untxalo (Ituren), Ekaitz Astiz (Iraizotz), Saats Karasatorre (Etxarri-Aranatz), Aitor Irastortza (Azpirotz), Joanes Illarregi (Leitza) eta Ander Baiano (Barañain). Ortziralean kantatuko duten hamar bertsolari horietatik lau sailkatuko dira finalera. Finala azaroaren 18an izango da Baztanen, bertso-afaria formatua izango du eta 21:00etan hasiko da.

 

Barañaingo saioan bertsolariek honako lan hauek egin beharko dituzte:

- Hasierako agurrak

- 8ko handian binaka gaia emanda bina bertso

- 8ko txikian binaka ofizioka hiruna bertso

- Lehen puntua emanda, bi bertso zortziko txikian

- Hitza emanda bertso bana

 

Zazpigarren edizioa

Izeta sariketa 2004. urtean egin zen lehen aldiz; aurten zazpigarren edizioa jokatuko da. Sei edizio hauetan, Nafarroako bertsolarien harrobia izan da eta hala izaten segituko du. Elizondoko Jon Barberena, Iruñeko Oier Lakuntza, Gartzaingo Jon Elizetxe, Iruritako Iñaki Aleman, Aurizko Aimar Karrika eta Antsoaingo Saioa Alkaiza izan dira Izeta sariketa orain arte irabazi duten bertsolariak.

Nafarroako Bertsozale Elkartea da Izeta sariketaren antolatzailea, Baztango udalaren laguntzaz. Orain dela zazpi urte sortu zen Baztango Bertso Eskolak ere laguntza eman du antolaketa lanetan.

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia, Nafarroako bertsolari gazte edo hasiberriei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.

 

Mariano Izetaren omenez

Sariketa honek Mariano Izeta zenaren izena hartzen du. Horrela, herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lan handia eskertu nahi ditu Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Mariano Izeta 1915. urtean jaio zen, Elizondon, eta herri berean hil zen 2001. urtean. Lanbidez erloju-konpontzailea zen, baina horretaz aparte lan itzela egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten.

Egindako guztiagatik, Baztango seme kuttuna izendatu zuten. Idazle, “Nafar Izkuntza”-ko kolaboratzaile, Euskaltzaindiko kide, Baztango hiztegien egile, mutil-dantzen sustatzaile… hamaika kontutan ibili zen Izeta.

Bere zaletasunik handienetakoa bertsolaritza izan zen. 1936. urtean egin zen lehen Nafarroako Bertsolari Txapelketan lagundu eta hortik aurrera hamaika bertso saio antolatu zituen. Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun