Nafarroako Gobernuak arte eta kultur jarduerak batera antolatzeko toki-entitateak laguntzen ditu eta horren baitan dago honakoa. 1990ean sortu zen aipatu diru-laguntza deialdia eta ordutik, urtero-urtero, udalak folk musika herritarrei hurbiltzen eta ikuspegi desberdinetatik erakusten saiatzen dira.
Urte aunitz iragan badira ere, eta luzatzen ari den krisialdiak jaialdian eragin nabaria izanik ere, Folk Ametsetan zikloak denboran zehar jarraitzen du eta Nafarroako musika panoraman sendotu da.
Antolatzaileek kalitateko taldeak ekartzeko apustu egin dute, formatu ertain-txikikoak, herrietako agertokien ezaugarrietarako egokiak. Hogeita zazpi urteotan, ehun talde baino gehiago izan dira jadanik, munduko hainbat herrialdetik etorriak eta folk musikaren baitan hamaika soinu eta aurpegi ekarri dituztenak.
Baztanen lehen kontzertua Poloniako Januzs Prusinowski Kompania taldeak emanen du, azaroaren 6an. Azaroaren 13an, berriz, Gozategi taldeak kontzertu akustikoa eskainiko du eta azaroaren 20an zikloa amaituko da, Gani Mirzo Siriako Kurdistango musikariaren eskutik.
Kontzertu guztiak Arizkunenean eginen dira, 19:00etan eta sarrera doan izanen da lekuak bete arte.