«Domisaindu Egunaren bueltan, poliki lan gehiago izaten dugu»

Ttipi-Ttapa 2016ko urriaren 31

Cesareo eta Albaro Soule aita-semeak.

CESAREO eta ALBARO SOULE

Mazeta eta zintzelaren hirugarren belaunaldia

Hargintza belaunaldiz-belaunaldi dirauen lanbidea da Arizkungo Souletarren etxean. Cesareo Souleren aitak hasitako bidea, Cesareok berak jarraitu zuen, eta orain, Albaro semeak hartu du lekukoa. Lanbide beraren hiru belaunaldi dira.

 

Erretiroa hartua da Cesareo, baina 40 urtez hargin lanetan aritu ondotik. «28 urterekin hasi nintzen, nire aitaren medioz. Aita hargina zen, eta bera ikusiz, bere­ erremintekin hasi nintzen». Aitortu digu, «hasmentan, erreminta haiek ez nituela gustukoak», baina gero lanari gustua hartu zion: «gustuko erreminta lortu nuen». Hasmenta «zaila» izan zela dio, eta gainera, «egurra ala harriarekin hasi zalantza izan nuen. Egurra lantzeko tresna ere erosi nuen, baina azkenean, harria aukeratu­ nuen». Ez da damutzen egindako aukerarekin, urteekin «gero eta gusturago» sentitu baita. Harriarekin «hobeki» moldatzen zela ere adierazi digu. Eta eskua baduen seinale dira lortu dituen sariak. Behin baino gehiagotan saritua izana da: «duela 10-12 urte Bergerac-eko (Frantzia) Nazioarteko Eskultura Lehiaketan parte hartu nuen, eta bigarren gelditu nintzen. Hurrengo urtean ere bigarren egin nuen». Hain zuzen, egindako lanean artean Frantzian egindako horiek omen ditu maiteenak.

 

UR BIZIETAKO MONITOREA ZINTZELAREKIN

Albaro semeak ttikitatik ezagutu du aitaren lanbidea: «betitik ikusi izan dut etxean harriarekin lanean, eta niretako normala izan da. Ez bazen etxean, hilerrietara joaten zen lanera eta berdin zuen noiz, gauez, goizez, euriarekin, elurretan...». Hori ikusita «miresmena» sentitzen zuela aipatu digu. Gogoan du «aitak harrietan lauburu ttiki batzuk marrazten zituela, eta ni, 6-7 urterekin, mantso-mantso harria lantzen hasten nintzela». Eta hara non, ikasketaz ur bizi, erreskate, rafting... eta halakoen monitorea bada ere, aitaren bideari segida ematea erabaki du. «Ez nuen inoiz pentsatuko urteak pa­satu eta gero, aitarekin lanean hasiko nintzenik». Onartu digunez, «bere momentuan zaila izan zen ikasitakoa uztea. Baina zorionez, tarteka gozatzeko aukera izaten dut, kayak edo rafting eginez».

Semea ondoan ikusita, aitak «poz haundia» sentitzen du. Bistakoa da semea ere kontent dagoela: «etxeko lanbide bat zela ikusten nuen, eta segida eman behar niola­, are gehiago, ofizio berezia dela ikusita. Bere gauzak izanen ditu, bai, baina niretako etxean bertan lan egiteak ez du preziorik eta aunitz baloratzen dut». Aita ere ondoan izanen du, laguntzeko prest: «erakusten saiatzen naiz, harriak erakusten, harrien sekre­tuak… Bere ondoan egoten saiatzen naiz», aipatu digu Cesareok. Gainera, semeak «eskua baduela» dio, «alderdi polita du».

 

LAN HAUNDIKO GARAIA

Hilobietako hilarriak, panteoiak, oroitarriak, ezkutuak, etxeen izenak… Harriarekin denetariko lanak egiten dituzte Bozaten duten tailerrean. Eta denak eskuz, horrela gozatzen dutelako. Harri klase aunitz erabiltzen omen dituzte horretarako: «denetarik erabiltzen dugu; kanpokoa, Baztangoa…», adierazi digu Cesareok. Saldu, aldiz, «gehiena Iparraldean eta inguruan». Baina munduan barrena ere ba omen dira bere lanak: Parisen, AEBetan, Madrilen, Argentinan…

Batez ere hilerrietarako lanen eskaerak jasotzen dituzte, eta Domisaindu Egunaren bueltan, «poliki lan gehiago izaten dugu», azaldu digu Cesareok. «Batez ere granitoa eskatzen dute.  Hegoafrikatik datorren materiala da, material ona, kalitatekoa».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun