Elkarteak duen diru-iturri garrantzitsuenetakoa da tonbola «udan Saharatik etortzen diren haurren bidaiak ordaintzen ditugu irabaziekin». 30 haur etorri dira aurtengoan eta «kopurua handia da», are gehiago laguntzak urriak direnean «zonaldeko udaletxe batzuk diru-laguntza ematen dute baina bertzerik ez da izaten. Kamiseta salmentak, boletoak, Elkartasun eguna... dira gure diru-iturriak».
Sahararekin hartu-eman estua
Duela bortz urte inguru sartu zen Lupe Saharaztan elkartean «senarraren lehengusina batek Saharako neska bat hartzen zuen udan eta familiak behar zirela ikusita animatu egin ginen». Aurten, Bakelekuko proiektuan aritu da lanean eta «arras esperientzia ona» izan dela dio.
Saharaztan elkartea hogei familiatik goitik osatzen dute eta Sahararekin duten hartu-emana estua da «urte osoan zehar gure laguntza izaten dute. Sendagaiak, elikagaiak.... behar badituzte bilketa kanpaina bereziak egiten ditugu. Iazko abenduan adibidez, uholdeak izan ziren Saharan eta diru-bilketa kanpaina bat egin genuen. Lortutako dirua eramanez bertara bidaiatu zuten elkarteko kide batzuk eta behar ziren gauzak erosi eta etxeak eraikitzen lagundu zieten».
Beharrezkoa den laguntza
Sahararrek aitzinera egin ahal izateko denen laguntza beharrezkoa dela dio «elkarteko kide izan nahi duenak aski du guregana hurbiltzea. Denak ongi etorriak izanen dira. Batean edo bertzean, bakoitzak ahal duena eginez, ziur izanen dutela laguntzeko modua». Horretaz gain, dirua emanez, tonbolan boletoak erosiz... Saharaztanek antolatzen dituen ekimenetan parte hartzen dutenei ere eskerrak eman nahi izan dizkie «arras kontent gaude, edozein gauza antolatzen dugularik erantzuna oso ona izaten delako».