«Ferian jendeari gure lana erakutsi eta nondik heldu garen azaltzeko modua dugu»

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 26a, 12:37

Etxetxipia gasnategiko Maria Jesus Larretxea.

Maria Jesus LARRETXEA • Elizondoko gasnagilea 

Elizondoko Etxetxipia gasnaren izena, munduan barna ibili da abuztuan. Great taste awards nazioarteko sukaldaritza lehiaketan parte hartu eta 10.000 jakiren artetik aukeratua izan baita. Otsailean erran zieten lehiaketan parte hartzeko aukera zutela eta gasna bat Londresera bidali zuten «aukera hori izatearekin, ni kontent nintzen. Abuztuan deitu eta erran­ zigutelarik Europako 100 lehenbizikoetan sartu ginela, poza handia izan zen». Aur­keztutako gasna «berria zen,  gasna ­zahar dena akitua zegoen. Ez zegoen aunitzik aukeratzeko eta harekin saria hartu!». Saria hartu ondotik, «bateko eta bertzeko jendeak zoriondu gaitu baina guk segi­tzen dugu betiko moduan, betiko bezeroekin, betiko martxan...»

  

Bizitzeko modu bat

Senarra eta biak aritzen dira gasnategian «duela 34 urte ezkondu ginen eta orduan hasi ginen ardiekin eta gasna egiten. Etxean hasi ginen eta aitzinera egitea erabaki genuen. 30 bat urte dira gasnategia egin genuenetik».

Biendako lan aunitz dela dio «ardiak zaindu, bazkatu, jetzi, gasna egin, zaindu, saldu. Lan dexente dago. Behar duzu neurri bat hartu, bakoitzaren arabera zenbat egiten ahal den ikusi». Egindakoa saltzea izaten da hurrengo pausoa ­«alaba zaharrenak laguntzen digu horretan. Elizondon baditugu denda batzuk, harategi batzuk... baina Elizondon ekoizleek antolatzen ditugun ferietan saltzen dugu gehien, zuzenean jendeari salduz».

Maria Jesusek maite du bere ogibidea «dena polita da, prozesu guzia.  Artalde polita osatzen duzu, ardiak zaintzen dituzu, gasna egin... bakoitzak bere xarma du». Gogorrena «ardiak erditzen hasiz geroztik ez duzula egunik libre izaten. Zenbait hilabete egiten dituzu egunero egunero, goiz eta arrats, gasna egiten». Ilusioa da berarentzat aurrera egiteko giltza «ilusioz aritu gara lanean,  jendeak erosten du gure gasna eta pozik gara». 

Elizondoko feriak iristean, tartetxo bat hartzen du bueltaxka emateko «posturik ez dugu jartzen. Harpatzen dugu hain handia eta hainbertze jende izaten da...».

Aukeran, Elizondoko plazan ekoiz­leek antolatzen dituzten azokak nahiago ditu «ferian jendeari gure lana erakutsi eta nondik heldu garen azaltzeko modua dugu. Jendeari gustatzen zaio jakitea gauzak nola egiten diren eta nondik heldu garen. Galdera aunitz egiten dituzte eta gu ere gustura  egoten gara gure lana esplikatuz». Gainera, azken urteetan azoka giro horrek indarra hartu duela iduritzen zaio «jendea etortzen da plazara erostera, ikusten da mugimendu pixka bat. Bertzenaz ez ginen hor ibiliko».

 

Lehen sektorearen etorkizuna

Lehen sektoreak dituen erronkei aurre egitea zail dela aipatu du «nekazariok ez dugu eskutik deus ere, laguntzak lortzeko ere sobera burokrazia dago». Paper artean galtzea ere ez da harritzekoa, «hainbertze paper dira... eta bakarren batean huts egiten baduzu laguntza murrizten dizute» eta laguntza horiek gabe «ez da bizitzerik». Izan ere, albaitari lanak, abel­tzainenak... denetarik egin behar izaten dute «denetara ikasi eta horretaz gain, administrazio lanak egin behar baditugu... denetarako ez dugu astirik».

 

Irtenbidea

Egoerak hobera egiteko «laguntzak eta baimenak lortzeko bidea erraztu behar da, bertzenaz jendea izutu egiten da. Baserriak hutsik geratzen ari dira». Segurtasun ezari ere irtebideren bat eman beharko litzaioke «urte batean badituzu laguntzak baina hurrengoan ez dakizu...  zerbait finkatu beharko litzateke».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun