Baztango sagastietatik astoak tiratzen zuen gurdian eraman zituzten sagarrak Gamioxarrera, Txuputo karrikatik beheiti. Jo ala Jo Taldekoek Gamioxarrea inguruan zaintzen dituzten sagarrondoetatik bildu dute sagarra, baita Gipuzkoako Zumarraga eta Goierri aldetik ekarria, aurtengoa ez baita sagar urtea izan. Kirikoketa erritmora jo zituzten Jo ala Jo taldekoek eta jendetza handia bildu zen Arizkunera. Karriketan eskulangileen postuak eta janari-edarienak ere paratuak zituzten eta erraldoiak ere ibili ziren. Dena musika eta dantzekin ongi hornitua (Kutxa dantza ere dantzatu zuten), eta nola ez, herri bazkari dotorea goiz parteko ospakizunak akitzeko.
Bazkalondoan, berriz ere musika eta dantza izan zen, Faltzesko txalapartariekin, Hernaniko BihoTx dantzari taldearekin, Gasteizko Txalamako taldearekin eta arratsean Kupelategian egindako kontzertu eta parti apartarekin.