Ikasle ohien arteko pilota partiden ondotik nagusia egin zuten. Baztango Dantzariek Aurreskua dantzatu zieten agintariei, irakasleei eta ikastetxeari eta, ondotik, Metalezko Elementuen Fabrikazioa espezialitateko OLH 2. mailako ikasleek Mikel Iriarte irakaslearen erranetara egindako Lanbide erronka eskultura inauguratu zuten. Erdi Maila mekanizatuko 2. mailako ikasleek ere bertso bat egin eta kantatu zuten bertaratutako guztien aitzinean.
1966ko urriaren 13an ireki zen ikastetxea eta lehen promozio hartako irakasleak, Azkoiengo Fermin Basarte eta Ultzamako Manolo Latasa Elizondora hurbildu ziren, baita orduko ikasleak eta langileak ere. Ikastetxearekin lotura handia izan duen Fernando Gonzalez, erraterako, atezain bezala hasi eta irakasle ere izan baitzen, Julian Mitxelena Arantzako apezaren erranetara. Gaztelu Abesbatzaren kantaldia ere hunkigarria izan zen eta Lau haizetara kantatuz akitu zen.
50 urte hauetan 1.500 ikasle inguru pasatu dira Elizondoko Lanbide Eskolatik. Gaur egun, ikaslegoaren %54a Malerrekakoa da, %35 Baztangoa, %5 Bortzirietakoa eta badira Ultzama eta Iruñetik ere etortzen direnak. Maite Ariztegi zuzendariaren eta irakasleen eranetan, «eskualde osorako Lanbide Heziketa institutu berria lortzea da gure erronkarik handiena gaur egun».