Elizondoko Santioak eta Elbeteko Santa Krutz bestak, biak ospatu izan dituzte beartzundarrek urtetan, baina duela hamahiru urtetik honat beraien besta bereziak dituzte. Aurtengora arte, Elizondoko Antxitonea trinketean egin dute ospakizuna, baina aurten Beartzunen bertan ospatu dute.
Urriaren 8an, larunbat eguerdian txupinazoa bota zuten Josune Bertiz, Unai Iturregi eta Maria Jesus Rekarte auzotarrek. Ondotik, Antzanbordaundira jo zuten, ehun urte beteak dituen Martin Jose Maiora auzoko aitetxia bisitatzera. Etxeko terrazan zela, Maritxu Istilart emaztearekin, alabekin, bilobekin eta bertze senideekin, ohorezko aurreskua dantzatu zioten Irati Iparragirrek eta Iraide Iturregik. Ondotik, zapi gorria jarri zioten eta emaztearentzat lore-xorta izan zen.
115 bat lagun elkartu ziren Doneztebeko Santamaria jatetxetik ekarritako bazkari oparoa dastatzera, eta bazkalondoan Joxe Anjel Elizalde soinulariarekin dantzatu zuten. Hiru zare ere zozketatu ziren, eta Etxeberriko Maria Pilar Urrutiak, Arotzenekobordako Ana Belen Sarrateak eta erdibana, Joanes Jauregik eta Alfredo Zelaietak etxeratu zituzten.