Irunberriko Josenean egin beharreko bisita gidatua bertan behera utzi du Hazitik Hoziek

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko urriaren 5a

Urriaren 6rako iragarria zuten eta egun horretan oraingo eta lehengo Baztango alkateek deklaratu beharko dute Iruñean

Hazitik hozie elkarteak urriaren 6an Irunberriko Josenea belar haztegi eta ekoizpen enpresa sozialerat antolatutako bisitaldia bertan behera utzi du. Egun horretan Baztango oraingo eta lehengo legealdiko alkateek Nafarroako auzitegi nagusian Lekarozko Aroztegiako promotoreek paratutako salaketarengatik deklaratu beharko dutelako.

Hazitik Hozie elkartea Baztango sozioekonomia bulkatzeko sortu zen, ekonomia herritar, kooperatibo eta bertokiratua. Denbora guztian horri buruz lanean aritu da mintzaldi eta mahai-inguruak antolatuz, ikastaroak, Elutseko fruta-arbolen mindaitza-komunala…

Aroztegiako proiektuari buruz Elizondon maiatzean egin zen manifestaldirat atxekitu ziren Aroztegiako PSIS gelditzeko eta herri galdeketa egiteko eskatuz. «Agerikoa denez –diote Hazitik Hozietik– Aroztegiko proiektu urbanistikoa huts egin duen eredu sozioekonomiko baten erakusgarria da, Baztango orainaren eta geroaren kontra egiten duena. Euporako landa eremu aitzinatuetan tokiko ekonomia bertze bideetatik bulkatzen ari dira eta Baztanek bide horretatik ibili beharko luke enplegua sortuz, kohesio soziala indartuz gure ingurunea arrazoibidez baliatuz». 

Gauzak horrelak, «Aroztegiako proiektu urbanistikoari buruzko eztabaida soziala ixilaratzeko eta proiektuaren kontra direnak kriminalizatu eta beldurtzeko enpresa promotoreak abiatu duen salaketa judizial kanpainaren erdian», Hazitik Hozie elkarteak urriaren 6ko Joseneako bisitaldia bertan behera uzten du ondoko asterat , ortzegune 13, gibeleratuz. Salatutako guztiei elkartasuna adierazi die eta urriaren 6an Iruñeko Auzitegi Nazionalean goizeko 9:30ean eginen den elkarretaratzean parte hartzeko deialdiarekin bat egiten du.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun