Lekarozko kolegioaren historia bildu du Fermin Goñi idazleak

Ttipi-Ttapa 2016ko urr. 5a, 14:47

Fermin Goñi idazlea, liburuaren aurkezpenean urriaren 4an Iruñean.

‘Lecároz en 100 palabras’ izenburuarekin aurkeztu du urriaren 4an Iruñean

Fermin Goñi idazleak urriaren 4an Iruñean aurkeztu zuen ‘Lecároz en 100 palabras’ liburua. Lekarozko kolegioko ikasle ohien elkarteak argitaratu du,  beraien sorreratik ehun urte bete direnean, ikastetxea eta bertako irakasle, ikasle eta langileak omenduz. 

 

Liburuak, historian gibelera egin eta 1888ra darama irakurlea. Ikastetxea eraiki zenetik hasi eta datu, dokumentu, pertsonaia, gutun eta hamaika pasadizoren bitartez, 12.000 ikasle baino gehiago izan zituen ikastetxearen gora beherak jasotzen dira. Ez da ahantzi behar Lekarozko kolegioak mundu mailako ospea izan zuela aitzindaria izan zelako hainbat arlotan: irakasleen maila, aurrerapen teknologikoak, instalazioak… eta baita ikasleen artean sortu zen familia handiagatik ere.  

Lekarozko kolegioa 1888an sortu zen Baztan, Donostia eta Iruñeako hainbat herritarrek egindako ekarpenei esker. 1967an ireki zen, lehenbizikoaren ondoan eraiki zen bigarren ikastetxea momentuko berrikuntza guztiak zituena: hizkuntza laborategia, natur-zientzia, fisika eta kimikako bulegoak, liburutegi osatua… Europa eta Estatu Batuetako zenbait erakundek bisitatu zuten kolegioa eskaintzen zuen ikaskuntza metodo aurreratuak erakarrita. 

Kolegioak orkestra sinfonikoa, abesbatza, eta argazki-laborategia zituen eta 1910ean futbol taldea ere osatu zuten, Osasuna sortu baino hamar urte lehenago. 1912an euskara klaseak ematen zituen lehenbiziko ikastetxea ere izan zen eta baita Espainian zine proiektore bat izan zuen lehenbizikoa ere.

Lekarozko kolegioko  ikasle izan diren aunitz, ospetsuak izan dira beren lanbidean: Jesus Aizpun eta Jesus María de Leaizola politikariak, Jorge Oteiza  eskultorea, Nicanor Zabaleta eta el P. José Antonio Donostia musikariak, Pedro Miguel Etxenike fisikaria, Carmelo Balda pilotaria, Zaldúa, Jones eta Glaría futbolariak, Martín Berasategi sukaldaria…

Egileak adierazi du liburua idazteko esperientzia hunkigarria eta aldi berean gogorra ere izan dela. «13.000 argazkitik goiti, ehunka agiri… izan ditugu eskura eta ez da erraza izan guzti horien artetik aukeraketa egitea».

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun