Behi azienda pirenaikoaren 29. Lehiaketa-enkantea irailaren 24 eta 25ean ospatuko dute Elizondon

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko irailaren 22a

170 azienda aurkeztuko dira asteburu honetan Elizondoko lehiaketara. Argazkia: Juan Mari Ondikol

170 azienda aurkeztuko dira lehiaketara, 23 ganadutegitatik aurkeztua

Pirinioko behi azienden nazio mailako 29. Lehiaketa-enkantea eginen da irailaren 24 eta 25ean Elizondon, Baztango Udalak eta Aspina eta Conaspi erakundeek, bertze hainbat babesleren laguntzarekin antolatua. Irailaren 21ean egindako aurkezpenean aipatu zutenez, 23 ganadutegietako aziendak espero dituzte, 14 Nafarroakoak, 6 Bizkaikoak eta 3 Gipuzkoakoak. 170 azienda aurkeztuko dira lehiaketara, 140 behi eta 30 zezen.

 

Elizondoko Merkatu Plaza inguruan egindako aurkezpenean, Patxi Aranguren Aspinako idazkaria, Juan Cruz Iriarte Baztango udaleko zinegotzia eta abeltzainen ordezkari, lehiaketa-enkantea prest egon dadin lana gogotik egiten duten Fermin Brazabal, Jokin Ramirez eta Alvaro Garde izan ziren.

Larunbat goizeko 9:00ak baino lehen sartuko dira aziendak eta ordu horretatik aitzinera hasiko dira txanda kalifikatzaileak. 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara Baztango artisautza eta nekazaritza elikagaien azoka eginen dute. 17:30etik 20:00etara behi aziendaren erakustaldia eta txanda kalifikatzaileak eginen dira.

Igandeko egitarauari dagokionez, 09:00etatik 12:00etara behi-aziendaren erakustaldia eginen dute. 10:00etatik 14:00etara Baztango artisautza eta nekazaritza azoka eginen da. 11:30ean, Nafarroako aratxea haragi eta Kortariko gasna dastaketa. 12:30ean behi-azienda enkantea eta 13:00etan azienda lehiaketaren sari eta garaikur banaketa eginen dute.

Irailaren 23an, ortziralean, abelburuak Merkatuko Plazan sartzeko aukera izanen da arratsaldeko 3etatik aitzinera.

 

Ibilbide gastronomikoa eta argazki lehiaketa

Bertze urtetan bezala, aurten ere ibilbide gastronomikoaz gozatzeko aukera izanen da egunotan, Olabetik hasi eta Baztan bitarteko jatetxeetan, pirinioko azienden haragia protagonista dela. Argazki lehiaketa ere antolatu dute eta urritik maiatza bitarte izanen da lanak aurkezteko epea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun