Gazte eta gaztetxoen laxoa txapelketetako finalak jokatuko dituzte larunbatean Arraiozen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko irailaren 14a

Uda partean lehia gogorra izan dute gazte eta gaztetxoek laxoan. Larunbatan jokatuko dituzte finalak.

Gazte mailan Arraioz eta Oiz izanen dira aurrez aurre eta gaztetxoen mailan Doneztebe A eta Oiz

Laxoa elkarteak antolatutako gazte eta gaztetxoen laxoa txapelketen finalak jokatuko dituzte irailaren 17an Arraiozko plazan. Gazte mailan Oiz eta Arraioz izanen dira aurrez aurre eta gaztetxoetan Doneztebe A eta Oiz.

 

Gazte mailan, bortz talde aritu dira ligaxkan eta bi onenak, Oiz (Ioritz Zelaieta, Aimar Saldias, Zorion Zelaieta eta Jon Oiartzabal) eta Arraioz (Eki Etxandi, Josu Etxandi, Mikel Organbide eta Urki Etxandi) izanen dira 17:30ean hasiko den finalean. Ligaxkan seina partida irabazi eta bina galdu dituzte.

Gaztetxoen mailan, zazpi talde aritu direnez, bi multzotan banatuak jokatu dute. Multzo bakoitzeko bi onenek jokatu dituzte finalerdiak. Joaneko partidetan, Oizek 0-7 eta 7-1 irabazi zion Iruritari eta Doneztebe C eta Doneztebe Aren artekoan, lehen partida Akoek irabazi zuten 2-7 eta bigarrena Ckoek 6-7.

Honela, larunbatean jokatuko den lehen finalean, 16:00etan Doneztebe A (David Mitxeo, Eneko Maylin, Ander Ruiz eta Erik Garcia) eta Oiz (Xuban Ilarregi, Mikel Mikelarena, Oscar Ilarregi eta Aimar Ariztegi) ariko dira nor baino nor gehiago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun