Arraiozko bestak irailaren 2tik 5era ospatuko dituzte

Ttipi-Ttapa 2016ko irailaren 2a

Haur, gazte eta helduek ekitaldi ugari izanen dituzte aukeran.

Ortziralean, 12:00etan botako dute bestei hasiera emateko altxaferoa eta astelehenera arte, izanen dute non gozatua. Larunbat arratsaldean mus, tortilla eta postre txapelketak jokatuko dituzte eta igandean, Errekako dantzariek eta Txamukos Taldearen mariatxiek emanen diote kolorea arratsaldeari. Irailaren 5ean, astelehenean, zikiro jateak borobilduko ditu aurten ere Arraiozko bestak.

 

Irailaren 2an, ortziralea, hasiko dira bestak. Altxaferoa bota eta segidan txistulariak arituko dira. 14:00etan haurren bazkaria izanen da eta 16:00ak aldera haurrendako Zumba, puzgarriak, joko-txokoak eta apar-festa antolatu dituzte. Ondotik indarrak hartzeko txokolatada izanen da. 20:30ean mutil dantzak izanen dira plazan. 21:30ean Baztan zopak Polekeleke txarangak alaiturik eta gauerditik aurrera ere txarangak girotuko du herria. Gero, Xarma taldearekin dantzaldia izanen da eta akitzeko Dja.

Irailaren 3an, larunbata, 10:00etan argi soinuak eta 11:00etan karta jokoak eta hamaiketakoa izanen dira Mardean. 11:30etatik aurrera, haurrek a­rrantzan aritzeko aukera izanen dute Mardeako labaderoan. 17:00etan mus txapelketa jokatuko da Arizti Elkartean. 18:30ean sukaldean trebezia erakusteko txanda izanen da, tortilla eta pos­tre txapelketa izanen baitira, segidan dastaketa. 19:00etan herriko dantzari eta kantari ttikien emanaldia izanen da. 20:00etan dantzaldia Oharkabe taldearekin. 00:00etatik aitzinera Gaupasa Oharkaberekin eta bukatzeko DJ Tirry&Teri.

Irailaren 4an, igandea,  10:00etan argi soinuek ernatuko dute herria. 19:00etan Erreka dantza taldearen emanaldia izanen da eta 20:00etan Txamukos taldearen mariatxiak entzuteko aukera izanen da.  Bokata eta tragoxka hartzeko aukera ere izanen da.

Irailaren 5ean, astelehena, 12:00etatik aitzinera haurrendako kamiseta margotzeko tailerra antolatu dute (bakoitzak bere kamiseta eraman beharko du). Ordu berean, haurrendako herri lasterketa izanen da. 14:30ean zikiro-jatea trikitilariek eta Hauspolariek alaiturik. 17:00etan aulki dantza eta 20:00etan dantzaldia Hauspolariekin. Beste bukaera emateko gauerdian, gaixoa gu abestuko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun