Txuritabeltz festibalak blues doinuak zabalduko ditu Lekarozen asteburuan

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 1a, 12:14

Baztan Blues festibalaren estreinako edizioan, artista aunitz gonbidatu dituzte.

Blues musika maite dutenek huts egin ezineko hitzordua izanen dute irailaren 2 eta 3an Lekarozko aterpean. Baztango Blues Elkarteak lehen aldiz antolatu du festibala eta artista aunitz gonbidatu dituzte: Ñaco Goñi y los Buescavidas, Paul San Martin eta Iker Piris musikariak espero dituzte, ber­tze zenbaiten artean.

Irailaren 2an, 22:00etan hasiko dira kontzertuak eta Iker Piris, Paul San Martin, Edu "Bighands", Mingo Balaguer, Ñaco Goñi y Los Bluescavidas eta The Barez Bros taldeen zuzenekoez gozatzeko aukera izanen da.

Irailaren 3an, berriz, eguerdian hasi eta goizaldeko ordu ttikiak arte luzatuko da musika. 12:00etan Miki Nervion & The Bluesmakers ariko da. 14:00etan Antonio Serrano eta 18:00etan Big Mama Montse & Sister Marion. 22:00etan berriz, Spanish Blues Harp Attack-en txanda izanen da: Danny Boy, Joan Pau Cumellas "Mr Hurricane" eta Tofol Martinez ariko dira oholtza gainean.

Aipatu behar da, duela urtebete sortu zela Baztango Blues Elkartea, gaur egun 87 bazkide ditu eta 14 hilabetez 20 bat kontzertu antolatu ditu, batez ere Elizondoko Ilargi ostatuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun