Erabaki honen aurrean Baztango EH Bilduk salatu du Geroa Baik Baztango Udala, Baztango Batzar Nagusien kontra judizialki jokatzera behartu duela. Alkatetza duen EH Bilduk eta Baztango Ezkerrak Udalak epaiketan parte hartzearen aurka bozkatu dutela ere gogorarazi dute eta bere garaian Baztango Batzar Nagusiak Nafarroako Gobernuak Aroztegiari buruz onartutako UGSari helegitea aurkeztu ziola gaineratu «bertzeren artean, udalaren hirigintza eskumenak eta autonomia defendatzeko, Aroztegiko herri-lurren desjabetza gelditzeko eta Lekarozko Herriak proiektuaren kontra duen iritzia betearazteko».
Abuztuaren 25ean hartutako erabakiarekin diote «Geroa Baik udalaren autonomia urraketa eta eskumen gabetzea babesten du, lekaroztarren eta baztandarren erranari kasurik ez die egiten eta herri lurren lapurketari bidea» ematen diola. EH BIlduren ustez, «bereziki larria da udal hautetsiak izanik interes partikular batzuei fabore egiteko udal autonomiaren eta konpetentzien kontra egitea. Baztanen etorkizuna guztiz baldintzatzen duen proiektu honen aitzinean, udaleko hautetsiek ez badituzte Baztango erakundeen konpetentziak defendatzen zertarako daude udalean?»
Aldi berean, oroitarazi nahi dute «aldaketaren indarren artean Geroa Bai dela proiektua defendatzen duen bakarra. Hala, aldaketaren gobernuaren lehen urtearen balantzea egiten ari den honetan, Aroztegia demokratikoki eta herritarrei entzunez konpontzea funtsezkoa da. Modu horretan bakarrik lortuko da inposaketan eta pelotazo urbanistikoan oinarritu den politika zaharraren aitzinean sinisgarritasuna izatea. Gobernuak ongi aski daki afera konpontzeko legalak diren bertze bideak badirela, gorderik dituen txostenak dioten bezala». Honen guztiaren aurrean, Baztango EH Bilduk «bertze behin Aroztegiko PSISa gelditzeko eta herritarren iritzia errespetatzeko eskatzen du».