Irurita Miguelena taldean, Xabi Barberena sakalaria, Gorka Urtasun numeroa eta Jagoba Ramos eta Egoitz Prim laurdenak aritu ziren. Azpitxapeldun izan zen Doneztebe The Moment taldearekin Pascual Bertiz sakalaria, Koldo Legarra numeroa eta Jokin Arraztoa eta Javier Bertiz laurdenak aritu ziren.
Lehenbiziko hiru jokoak iruritarrek egin bazituzten ere, hiruna berdintzea lortu zuten doneztebarrek. Berriz ere hiru joko segidan egin eta 6-3 aitzindu ziren Iruritakoak. Bertze joko bat egin zuten Doneztebekoek (6-4), baina hortxe gelditu ziren, Irurita Miguelenek azken hiruak segidan egin eta eraman baitzuen txapela, Ordubete eta 45 minutuko partidaren ondotik.
Xabier Barberena sakalariak jaso zuen finaleko jokalari onenari Mikel Eizagirre zaleak ematen duen saria. Xotero Etxandi Arraiozko alkateak eta Mikel Ortega Baztango jarduneko alkateak jarri zizkieten txapelak irabazleei; bigarren postuko sariak Nafarroako Pilota Federazioko eta Nafarroako Kirol eta Gaztediaren Institutuko ordezkariek eman zizkieten doneztebarrei, Pilotarien Batzarrako presidenteak hirugarren sailkatuei eta pilota ikertzen duen Manuel Hernández Autak laugarrenei.
Hirugarren postua Arraiozen gelditu zen
Larunbat goizean jokatu zen hirugarren posturako norgehiagokan Arraioz Sagardia taldeak (Mikel Mindegia, Xabier Mihura, Aritz Alunda eta Xabier Maritorena) irabazi zion Irurita Biek taldeari (Joseba Urtasun, Guillermo Etxenike, Iñaki Etxandi eta Miguel Bidegain).
1.000 euroko zozketa
Finalaren ondotik, txapela eta sari banaketa egin zen, baita Laxoa Elkarteak antolatutako 1.000 euroko zozketa eta afaria ere.
Zozketari dagokionez, 0716 da zenbaki sariduna. Saria biltzeko epea abuztuaren 20a artekoa izanen da. Lehenbiziko zenbakia ez balitz agertuko, 0706 zenbakia da ordezkoa eta honen jabeak ere bertze bi asteko epea izanen du saria biltzeko.