Fueradeleje taldeak dantza garaikide emanaldia eskainiko du abuztuaren 5ean Elizondon

Ttipi-Ttapa 2016ko abuztuaren 2a

Kultur programaren baitan, ortzirelaean 21:00etan izanen da Foruen Plazan eta aitzinetik Baztango trilogian oinarritutako bixita gidatua proposatu dute herrian barna

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatutako Kultur programak. Ekainaren 17tik irailaren 10era musika, dantza eta arteko 41 emanaldi prestatu ditu. Ortzegun, ortzirale eta larunbat guztietan eginen dira Nafarroako 39 udalerri eta pasaia- edo ondare- mailako toki interesgarritan. 

Abuztuan sartuta, hilaren 5ean, ortziralean 21:00etan Meeting point dantza garaikide emanaldia eskainiko du Fueradeleje taldeak Elizondoko Foruen Plazan. Bi dantzarik, obraren malgukortasuna bilatzen dute, bertze eszenaleku ez konbentzionaletan ere bere lana eskaintzeko. Mugimenduaren dramaturgia laguntzeko, ikusentzuneko zatia ere baduikuskizunak, testu, irudi eta film zatiekin.

Honekin loturik, Baztango trilogian oinarritutako bi ordu eta erdiko bisita gidatua eginen dute Elizondon, Foruen Plazan 17:30ean abiatuta. Gehienez ere 40 lagunek parte hartu dezakete eta 10 euro ordaindu beharko da. Erreserbak 670 336232 telefonoan (Beatriz eta Juan Mari) edo visita¡elguardianinvisible@hotmail.com helbide elektronikoan.

 

Datozen emanaldiak

Abuztuaren 25ean, Donamariko jauregian kontzertua eskainiko du 20:00etan J, J, Q hirukoteak (Josetxo Goia-Aribe saxoarekin, Quique Simon pianoarekin eta Jose Maria Pastor bateria eta perkusioarekin). Emanaldi honekin lotutako bisita gidatua Beintza-Labaiengo gaztainadira eginen dute 18:00etan, Beintzako aterpetik abiatuta 18:00etan. Gehienez 20 lagun eta guttienez 4 bildu beharko dira ateraldia egiteko eta 6 euro ordaindu beharko dute. Erreserbak bezpera bitarte egin daitezke 659 477396 telefonoan (Orbela, Mikel Albisu) edo info@orbela-beintza.com helbide elektronikoan.

 

Lorategi bat lorategian erakusketa Bertizen

Bertizko Jaurerriko Natur Parkeko lorategi historikoan, ‘Lorategi bat lorategian’ erakusketa berezia eginen dute uztailaren 20tik irailaren 4ra, ostoak, adarrak, soinuak eta argazkiak bilduz. Alde batetik, Maite Ortega murtziarrak argazkiak erabiliko ditu, hari, lore, osto edo errekorte bidez aldatu eta bere nortasun propioa emanez. Lorategia eta memoria uztartuko ditu, erakusketa aretoa hartuko duen familia-zuhaitz baten bidez. Mikel R. Nieto donostiarrak, berriz, soinuarekin modu artistikoan egiten du lan, egoera espezifikoak sortuz. Leku bakoitzaren soinu-nortasuna ezagutzea du helburu. Horretarako, grabaketak eginen ditu lorategian eta inguruan, gordean dagoena eta somatzen ez dena agertaraziz. Sormen-prozesuaren bukaeran, lorategi berri bat agertuko da lorategian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun