'Baztango herrietan itzuliskak' izeneko proiektua aurkeztu du Udalak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko uzt. 19a, 06:57

Oraingoz, Elbete eta Elizondoko ibilbideekin hasi dira.

Hamabortz herrietan familian egiteko moduko ibilbideak proposatuko dituzte eta oraingoz, Elizondo eta Elbetekoarekin hasi dira

Baztango Udalak turismo-proiektu berri bat aurkeztu zuen, uztailaren 15ean emandako prentsaurrekoan. Proiektu horrek Baztango herri guztiak bultzatu nahi ditu turismo aldetik, eta baita Baztan bisitatzen duten pertsona guztiak Baztan osoa ezagutzeko aukera izatea ere.

 

Proiektua Joseba Otondok, Baztango alkateak, eta Iñigo Iturralde zinegotziak, aurkeztu zuten. Agerraldian aipatu zutenez, «Baztan Nafarroako landa-turismoko erreferentzia da eta hori horrela jarraitzea nahi dugu, horregatik turismo hori zaintzea ezinbertzekoa dela uste dugu».

Landa-turismoa egiten duten pertsonek gauza zehatz batzuk bilatzen dute, horien artean, opor egunak pasatzeko hautatzen duten lekuak ezagutu eta natura gozatzeko aukera izan. Nahiz eta helburu horiek lortzeko hainbat “tresna” erabil daitezkeen, «modu garbienetako bat da ibilbide baten bidez erakustea ikusi nahi duten guztia», Joseba Otondoren erranetan. «Hori horrela hondarreko urtetan gure bisitariek erraten zigutena biltzen aritu gara eta konturatu gara gero eta jende gehiagok ibilbide mota zehatz batzuk eskatzen dituela». Herriak erakusten dituzten ibilbideak eta natura gozatzeko aukera ematen dituzten ibilibideak, gainera, horretaz gain, ibilbide laburrak, errazak eta ume txikiak dituzten familietara egokituak egon behar dutenak.

Eskaera hori oinarri hartura sortu zen Baztango herrietan itzuliskak proiektu hau. Proiektu honek 15 ibilbide biltzen ditu, Baztango herri bakoitzean ibilbide bat. Ibilbide horiek herrien barrenetik eramaten gaituzte eta herriko leku xarmantak erakusten dizkigute, batzutan kulturarekin lotuak daudenak, bertzetan txoko liluragarriak direnak eta bertzetan historikoki garrantzi handikoak direnak. «Halaber, ibilbide horiek herrien kanpoko aldea erakusten baitigute, naturak ematen dizkigun opariak ikusteko aukera ere ematen dizkigute».

Ibilbide horiek hainbat soportetan egonen dira, batetik herrietako plazetan egonen den panel batean, herri bakoitzeko panelean dagokion ibilbidea agertuko da; eta bertzetik, Turismo Bulegoan esku­ra daitezken eskuorrietan. www.guiailustradadenavarra.com web gunean ere izanen da informazioa.

Ideia zen proiektua hastea bi herritan eta dauden zailtasunak ikusita, gainerako herrietan moldaketak egitea. Hori horrela aurten Elizondoko eta Elbeteko ibilbideak egin dira eta heldu den urtean gainerako herrietako ibilbideak eginen dira. Balleko Etxeak Guia­ilustrada enpresaren laguntza izan du proiektua ateratzeko.

Erlazionatuak

Joseba Otondo-Baztango alkatea

Xorroxin irratia 2016 uzt 19 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun