Lekarozko ikasle ohiek elkartearen mendeurrena ospatu dute

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 21a, 11:57

Ikasle ohiak Lekarozen. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Modu berean, ikastetxearen lehen harria ezarri zutela 125 urte bete direla ere gogoratu zuten

Lekarozko ikasle ohiek urteroko bilkura egin zuten ekainaren 19an. Aurtengoa berezia izan da, ikasle ohien elkartea sortu zenetik ehun urte bete direlako alde batetik eta ikastetxearen lehen harria duela 125 urte ezarri zutelako, bertzetik.

 

Gerora ezagun egin den jende aunitz pasatu zen bere garaian Lekarozko ikastetxetik eta horietatik aunitz bueltatzen dira urtero. Aurten, Mexikotik Josetxo Barberena etorri zen, baita Jose Antonio Zaldua (FC Barcelona futbol taldean eta Espainiako selekzioan aritu zen baztandar bakarra), Pedro Miguel Etxenike fisikari ospetsua eta oraindik famatuagoa den Martin Berasategi sukaldaria ere, bertzeen artean. Denera, berrehun ikasle ohi baino gehiago.

Gaur egun Bilboko gotzaia den Mario Izetak eman zuen meza Elizondoko elizan. San Migelen irudia ere bertan izan zuten. Ondotik, Lekarozko txokoan segitu zuten bestarekin. Argazki zaharren erakusketan aunitzek beraien erretrato zaharrak ikusteko aukera izan zuten eta Joseba Aristizabalek zuzenduta, ikasle ohi talde batek prestatutako dokumentala ere ikusi zuten. Lekarozko tortilla dastatzeko aukera ere izan zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun