Bidasoko Trenaren mendeurrena liburuxka batekin ospatu dute Elizondoko Mena anai-arrebek

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 17a, 12:17

Itziar eta Felix Menak beraien birraitatxik argitaratutako bilduma berrargitaratu dute. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Felix Mena Martin beraien birraitatxiak trenbidearen inaugurazio egunean argitaratutako argazki-bilduma berrargitaratu dute.

1916ko maiatzaren 28an ailegatu zen lehen aldiz Bidasoko Trena Elizondora. Eta mendeurrena ospatzeko, liburuxka bat argitaratu dute Elizondoko Mena argazki dendako Felix eta Itziar Mena Barberena anai-arrebek. Liburu berria baino berrargitalpena dela ere erran daiteke, beraien birraitatxi zen Felix Mena Martinek ere argazki-bilduma batean bildu baitzuen Bidasoko Tren Txikitoren lehen bidaia hura.

Ez da Felix eta Itziar Menak argitaratu duten lehen liburua. Duela hiru urte, Erratzu eta Elizondoko 1913ko uholdeen mendeurrenean ere orduko argazkiak bildu zituzten liburu batean eta urtebete beranduago Elizondoko txoko eta uneak I liburua argitaratu zuten. Orain dator Recuerdo de la inauguración del ferrocarril del Bidasoa Irún-Elizondo 28 mayo de 1916 liburuxkaren faksimile hau, 15 eurotan salgai jarri dutena.

Mena argazki-dendak 129 urte bete ditu Elizondon eta hain zuzen, Burgosen sortutako Felix Mena Martinek ireki zuen. Ondotik, Victorio Mena Sanziñena semeak eta honen emazte Graciana Irigoien Dualdek hartu zuten lekukoa. 1948tik 2012an hil zen arte Felix Mena Irigoienek egin zuen lan hori eta orain, honen seme-alabek, Felix eta Itziarrek segitzen dute familiaren ofizioarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun