Iruña Hiria Nazioarteko poesia lehiaketa irabazi du Jon Barberena elizondarrak

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 17a, 11:07

Jon Barberenaren 'Malatsa' olerki bildumak irabazi du Iruña Hiria saria.

Euskarazko atalean lortu du 3.000 euroko saria, heriotza eta alzheimerra lantzen dituen Malatsa olerki bildumarekin

Jon Barberena Ibarra elizondarrak irabazi du Iruña Hiria Nazioarteko Poesia lehiaketaren hamargarren edizioa, euskarazko atalean, bertze gaien artean heriotza eta Alzheimerra lantzen duen Malatsa poesia bildumarekin. Gisa honetara, 3.000 euroko saria eta bere lana Denonartean argitaletxeare bidez argitaratua izatea lortuko du.

 

Epaimahaiak Barberenaren lanaren batasuna eta euskara azpimarratu ditu, «bertsoak aitzinera doaz, bada progresio bat. Euskara arras zuzena erabiltzen du, naturala da, ez barrokoa, ulergarria eta ederra».

Jon Barberena bertsolari moduan egina da ezagun eta Nafarroako txapelketan azpitxapeldun ere izan zen 2007 eta 2008an. Literatur arloan, Iruñeko Udalak antolatzen dituen lehiaketetan saritua izan da behin baino gehiagotan. 2004 eta 2005ean bertsopaperetan lortu zuen lehen saria eta 2011 eta 2015ean olerkian. 2015eko Nafarroa Oinezeko kantuaren letra ere berak osatu du.

Iruña Hiria Poesia lehiaketako gaztelerako atala Jaengo (Espainia) Tomas Hernandezek irabazi du, 174517 (El corazón del pájaro) lanarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun