Oinarrizko azpiegiturak konpontzen aritu dira Baztanen maiatzean

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 8a, 07:26

Bideari brea ematen Azpilkuetako Zuaztoi auzoan.

Bideak breaztatu eta zabaldu dituzte Oharrizen arraildurik zegoen zubia konpondu dute 

Azkeneko asteetan eguraldiaren laguntzarekin Baztanen hainbat lan egin dira. Alde batetik herri eta auzo batzuetarako bideak breaztatu dira, horien artean errepide nagusitik Zozaiarako bidea, Zigako herrirakoa eta Azpilkuetako Zuaztoirakoa. Zuaztoiko bidean areka edo kunetak ere egin dira.

 

 

Bertzalde, Bagorditik Orabideko errepidean autoak eta kamioiak gurutzatu ahal izateko hamaika zabalgune ireki dira, horrek franko estua den bide horretan aisago ibiltzea ekarriko du. Modu berean, Beartzungo Urruxkako bidean ere konponketa batzuk egin dira eta Lekarozko Balengo Berri alderdian Etxekako zubia ere konpondu da.

Halaber, Oharrizen, arraildurik zegoen zubia konpondu da. Gainerakoan hilabete hondarrean 2014ko uberroek hondatutako Halti Bentako bidea konpontzen hasiko da eta Karakotx-Parisenea, Xixperriko borda eta Uheneko bordako bideak ere bai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun